Bakearen Arbolak bihar emango du zarratutzat 25 urteko ibilbidea
2011ko urriaren 20an ETAk jardun armatua behin betiko utzi zuenetik desegiteko aukera aztertzen egon ondoren, Bakearen Aldeko Koordinakundeak (BAK) ekainaren 1ean desegin egingo dela iragarri zuen maiatzaren 4an. Erabaki bera aparteko batzar nagusian egun bat arinago hartuta, sortuz zenez geroztik egindako ibilbidea amaitutzat emango du bihar BAKen Gernika-Lumoko taldeak, Bakearen Arbolak.
Hain zuzen, itxiera ekitaldi bat egingo du, Eduardo Chillidaren Gure aitaren etxea eskulturaren inguruan bilduta. Zehazki, 12:00etarako egin du hitzordua Gernika-Lumoko taldeak.
Itxiera ekitaldia egiteko Gure aitaren Etxea monumentua aukeratu izana ez da kasualitatea. Bakearen Arbolak azaldu duenez, «monumentuak berak, geure legez, 25 urte egin barri ditu, eta bere logotipoa urteotan bakeagaz lotutako ikur bihurtu da».
Ekitaldirako gonbitea «Gernikaldeko jende guztiari zabaldu gura» diola gaineratu du taldeak.
Bestalde, bere ibilbidea erakusketa batean jaso, eta Elai-Alai aretoan dauka ikusgai hilaren 14ra arte, 25 urte bakegintzan izenburupean. Kartelen, adierazpenen, prentsan argitaratutako albisteen bidez laburbildu du Bakearen Arbolak bere 25 urteko ibilbidea. Herrian bertan egindako ekitaldien, elkarretaratzeen… argazkiak be ikus daitezke erakusketa horretan.