"Heldutasun puntu bat irabazi dugu bigarren diskoagaz"
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Grabaketa prozesua amaituta, postprodukzioan dabiltza orain The Riff Truckers taldeko kideak. Iñigo Etxebarrieta soinu teknikariaren gidaritzapean, zortzi abesti grabatu dituzte gernikarrek Healing the Soul izenburua izango duen diskorako. Gorka Roman taldeko abeslariaren berbetan, “bigarren diskoagaz heldutasun puntu” bat irabazi dute. “Lehenengo biderragaz alderatuz gero, oso desbardina izan da grabaketa; azken urteetan asko hobetu dugulako”.
Mungiako MuxikOn estudioetan egin dute The Riff Truckers-ekoek grabaketa. Taldeko abeslariak azaldu duenez, “oso ondo pasatu” dute lan horretan. Abestiak oso landuta eroan dituzte estudiora, eta emaitza edarra dela deritzote. Hala, pozarren daude, aurki kaleratuko dutena “taldearen diskorik hoberena” dela baiteritzote. “Grabaketa prozesuan gozatu egin dugu lehenengo momentutik, eta disko barrian hori nabarituko dela uste dugu”. Zentzu horretan, Romanek aurrerapauso bat emon dutela deritzo, baina taldearen arima hil barik. “Abestiek The Riff Truckersen kutsua daukate, baina musika tresnek hobeto egiten dute bat”.
Aurreratu duenez, “abesti barriek rock kutsu nabariago bat daukate”. Ez da aldaketa oso handia, baina sakonean AEBetako rockaren ukituak daude disko barrian. Erritmo biziak eta motelak tartekatuz, disko orekatu bat egin dutela uste du.
Romanek azaldu duenez, “nahi gabe gertatu da”. Izan be, ez dute disko rockeroago bat egin gura izan, baina horrela suertatu da. Lehenengo diskoaren kontzertu bira amaituta, sei hilabetez egon ziren lokalean sartuta, eta berez irten zitzaien horrela. “Azken finean, barruan geneukana atera genuen kanpora”.
Aurreko sortze prozesuagaz alderatuta, desbardintasun nagusia abestien lanketa izan da, grabaketa estudioan sartu aurretik asko landu baitituzte abestiak. “Lehenengo diskoan akatsak aurkitzen ikasi genuen, eta bigarrenean arreta berezia jarri dugu sortze prozesuan”. Abestiak ordenagailuan grabatuz eta behin eta barriro entzunez, gustukoa aurkitu dute.
Hala, oso pozik daude emaitzagaz, eta hori “seinale ona da”, Romanen ustez. “Norbera gustura geratuz gero, zaleei gustatzea errazagoa izango da”. Lehen diskoa be nahiko ona dela uste du gernikarrak, baina zerbait falta zaiola deritzo. Hala, bigarren diskoagaz lehenengoa gaindituko dutelakoan daude.
Momentuz, taldetik kanpoko pertsona gutxik entzun dute disko barria, baina gustura azaldu dira entzun dutenek. Hori dela eta, jendearen begikoa izan daitekeela uste du Romanek. “Ezin dut eskua sutan jarri”, dio, barre artean, “baina disko landua da, eta hori igarri egingo da”.
Bestalde, Etxebarrietaren lana goraipatu dute taldekideek. “Ikaragarri lagundu gaitu emaitza ezin hobea lortu ahal izateko”. On the Route lehen diskoa be Etxebarrietagaz grabatu zuten, eta bigarren lanean igarri egiten dela deritzo. “Alkarregaz lan egiten ikasi dugu, bakoitzaren ohiturak barneratuz”. Horrek asko erraztu du lana. Bestalde, Markel Urrutia diseinatzailearen eta Hibai Muniozgurenen lana be eskertu dute. Urrutiak diskoaren irudiak egin ditu, eta Muniozguren webgunean ari da lanean.
“Crow founding” bidez saldu
Disko barriko berezitasun nagusia salmenta modua izango da. Hain zuzen, crow founding (lagunak bilatu) bidez jarriko dute salgai Healing de Soul lan luzea. Romanek argitu duenez, “duela zenbait urte sortutako telnika barri bat da, eta goraka doan joera da”.
Crow founding-a bitartekariak albo batera uzteko modua da, taldeari laguntza txiki bat emonez. Gainera, metodo barri horren bitartez, taldea laguntzen duten zaleek sari txiki bat jasoko dute; edizio berezi bat, esaterako. Hala, zaleen eta taldearen artean harreman estuago bat sortuko dela deritzo Romanek.
Crow founding bidez laguntzea oso erraza da. “www.goteo.org helbidean sartu behar da, eta The Riff Truckersen atalean sartu. Bertan disko barriaren inguruko informazioa jarriko dugu, ikus-entzunezko atal bategaz”.
Helburu nagusia diskoa aldez aurretik ordaintzea da, eta, horrela, diskoaren kopiak egiteko aukera izango dute. Romanen berbetan, “gutxienez, 2.000 euro inguru” behar dituzte kopiak egiten hasteko. Kopuru horretara heldu ezean, bestalde, dirua bueltatuko diete laguntzaileei.
Gernika-Lumoko abeslariak dioenez, datorren eguaztenean espero dute crow founding-a martxan jartzea. Sare sozialen bitartez eta taldearen webgunearen bitartez emongo dute horren barri, eta momentua heltzean zaleek ondo erantzutea espero dute. “Badakigu ez dela garai ona dirua batzeko, baina zaleen laguntza ezinbestekoa izango da diskoak argia ikusi dezan”.
Crow founding-ak copileft kulturagaz bat egiten du. Hala, autoekoizpenaren bidea jarraitzeko aukera da taldeko kideentzat. “Autoekoizpena ia aukera bakarra da disko bat kaleratzeko”. Izan be, disketxe bategaz lan egitea ezezagun bati zure lanaren zati bat emotea da, taldekideen iritziz. Hortaz, “ez du merezi disketxeekin lan egitea”.
Romanen ustez, duela hogei urte zenbait onura emoten zituen disketxeekin lan egiteak, “baina gaur egun ez”. Izan be, ordenagailu bat erabilita, edozein taldek kaleratu dezake disko bat. Gainera, disketxeak milaka disko saltzen dituzten taldeekin bakarrik egiten dute lan. Horrenbestez, autoekoizpenaren bidea aukeratzea “erabaki oso ona” dela deritzo The Riff Truckerseko ahotsak.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.