Fariba Sheikhan gernikarra
Antzezteko duen abileziari beste bat gehitu dio Fariba Sheikhan (Gernika-Lumo, 1988) gernikarrak: abestea. Duela gutxi jaio den Leila TheNuit taldeko abeslaria da. Talde horregaz Egaztea irrati katearen Maketa Lehiaketako finalean sartu, eta Bilborock aretoko taula gainean aritu zen gernikarra. Irabazterik izan ez zuen arren, pozik da egindako lanagaz.
Egaztearen XXII. Maketa Lehiaketaren finalera ailegatu zara, baina, azkenean be, ezin saririk irabazi. Halanda be, pozik egindako lanagaz?
Oso pozik gaude, benetan asko gozatutako lana baitago horren atzean. Oholtza gainean jendeari geuk daukaguna erakusteko aukera izateak ez dauka preziorik. Bestalde, epaimahaiak gu finalera eraman izanak asko esan nahi du guretzat. Gure musika estimatu eta modu «berezian» baloratu izana benetan eskertzen dugu; poztu egiten gaitu horrek.
Hainbat musika talde eta abeslariren artean hautatu zuten Leila TheNuit. Zure ustez, zergatik aukeratu zuten taldea?
Aiora Renteria abeslariak esan zuen bezala –bera izan zen epaimahaikideetako bat, Fermin Etxegoien eta Pablo Cabezarekin batera–, zerbait berezia iruditu zitzaien Leila TheNuiten musika; proposamen desberdin bat, alegia. Horrez gain, 300 maketa baino gehiagoren artean gurea aukeratzeko berorren kalitateak be izango zuen zerikusirik. Aiorak esan zuenez, «abeslariaren ahots goxo eta eztiak» be lagunduko zuen… [barreak].
Zein helburugaz aurkeztu zineten maketa lehiaketara?
Iker Lauroba musikariak eta biok elkarrekin musika-proiektu bat aurrera eroateko ideia eta gogoa geneukan; hala, maketa lehiaketaren aitzakiagaz martxan jarri, abesti batzuk konposatu eta grabatu egin genituen.
Helburuak beteta jaitsi al zinen Bilborock aretoko taula gainetik?
Helburu asko dauzkat oraindik. Birritan abestu izan dut taberna pare batean, eta duela urte bi Donostiako Aste Nagusian, taula gainean. Kantu klaseetara joaten hasi naiz duela hiru bat aste, eta astean behin Naroa Enekotegi abeslari lirikoarekin izaten naiz bertan; beragaz ikastean, ikaragarri gozatzen dut. Ahots-teknika hobetu nahi dut. Hori menperatzen noan hainean, ziurtasuna irabaziko dut kantatzerakoan, eta horrek abesteagaz gehiago gozatzen lagunduko didala badakit.
Orain arte ez dugu Fariba Sheikhan abeslari gisa ezagutu. Noiztik zabiltza musikaren munduan?
Beti izan dut gustuko abestea, baina abesteko lotsa be izan dut. Dena den, nire bakardadean, gutxitan izan bada be, abestu izan dut, eta barruan kilimatxoak sentitu, bizirik nagoela sentitzen eta ni neu gehiago maitatzen lagundu izan didalako.
Noiz jaio da Leila TheNuit?
Leila TheNuit duela hilabete eta erdi inguru jaio zen, beraz, talde jaio berria da oraindik. Ikerrek –Lauroba– eta biok hasi genuen. Ikerrek grabatu zituen abestietako instrumentuak eta nik melodia eta letra jarri nizkien. Lazkaoko Musika Eskolako piano irakasle Fredi Pelaez gure lagunaren bitartez maketa lehiaketako finalera pasatu ginela jakitean, musika eskola horretako hiru neskarekin jarri ginen harremanetan, jende gehiago behar baikenuen gure abestietako instrumentu anitzak jotzeko. Egun gutxitan abestien akordeak atera eta ikasi egin zituzten bai Olatz Ormazabalek (melodika eta teklatua), bai Maddi Noguerak (baxua) eta baita Goizan Imazek (gitarra akustikoa) be. Iker, bestalde, gitarra elektrikoarekin eta ukelelearekin aritu zen. Saxofonista bilatzeko astirik ez genuen izan [barreak]. Artista paregabeak dira denak.
Zein musika estilo lantzen du Leila TheNuitek?
Estilo desberdinetatik zehar mugitzen gara. Pop-indiea azaltzen da, adibidez, Buenos dias mi amor abestian, eta Lay me down kantan, barriz, soul-a da nagusi. Bluesa be lantzen dugu beste abestiren batean. Estilo anitzak darabiltzagu, Leila TheNuiten estiloa eratzen goazen bitartean. Gainera, Leila TheNuiten abestiek badaukate gauza on bat: modu akustikoan jotzeko oso aproposak dira, horretarako lizentzia emoten baitute; hori dela eta, taberna eta leku txikietan jo dezakegu gitarra batez edo pare bat ahotsez lagunduta.
Leila TheNuiten maketaren bat, lanen bat… aurki ikusteko aukera izango al da?
Jada dauzkagun hiru abestiez gain, beste lau bat be egin eta grabatuko ditugu. Beraz, bai, eskuragarri egongo da laster gure maketa.
Aktore lanetan be ikusi izan zaitugu. Orain arte, zein lan egin duzu?
Aurton Javier Rebollo zuzendariaren Alaba zintzoa izeneko filman aktore gisa aritu naiz –seguraski, ekainean estreinatuko dute filma–. Notodofilm Fest Espainia eta Hegoamerikako film laburren jaialdian finalista sailkatu gara Iñigo Kintanaren Paterfilia lanari esker. Bestalde, bideoklip batean be parte hartu dut aurten. Horrez gain, Goenkale telesailean be aritu izan naiz, eta Sevillako telesail eta film batean be parte hartu dut.
Abeslari, aktore… Ba al da herritarrek oraindik ezagutzen ez duten abilezietako bat?
Dantzatzea maite dut! Beharrizana be badut. Nahiz eta nahi beste ez egin, ikaragarri gozatzen dut. Abilezia ala ez, txikitatik eta ia beti berez atera izan zaidan gauza bat da dantzatzearena.