Artxiboko irudian, Busturiko Hirugarren Adinekoen elkarteko kideak, Internet ikastaroan
Herriko adinekoen errealitate demografikoa aztertzeko Ongizate proiektua diseinatu, eta Busturiko Udalak jendaurrean aurkeztu ditu berorren datuak. Azaldu duenez, 2013. urteko datuen arabera, 1.739 biztanle daude herrian, eta horietatik %31 dira 60 urtetik gorakoak. Emakumezkoak, gainera, gizonezkoak baino gehiago dira: %56 dira andreak (308) eta %44 gizonak (208).
60 urtetik gorako biztanleen gehiengoa 60 eta 65 urte bitartekoa da; hain justu, 150 biztanle daude tarte horretan. Gainera, gizonezkoak nagusi dira adin tarte horretan, emakumezkoak baino %1 gehiago baitira. Gainontzeko adin tarteei dagokienez, barriz, gizon baino andre gehiago daude Busturian.
Bestalde, 60 urtetik gorako biztanleriaren %5,6 etxean bakarrik bizi da –98 biztanle–. Adinak gora egin ahala, bakarrik bizi direnen ehunekoak gora egiten duela ondorioztatu dute. Horrela izanik, adin tarte bat aipatzekotan, 81 eta 85 urte bitartekoen artean %23 etxean bakarrik bizi da.
Datuek diotenaren arabera, 76 eta 80 urte bitarteko biztanleen %40,5 60 urtetik gora dituzten bizikideekin bizi dira. Bestalde, 60 urtetik beherako bizikide batekin bizi diren adinekoen kopurua 271 biztanlekoa da.
Zainduz programa
Nekane Renteria hirugarren adinekoen ardura daroan zinegotziak azaldu legez, «konturatu gara adinekoak arduratzen direla adinekoak zaintzeaz. Horrek izugarrizko higadura suposatzen du; hori dela eta, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskaintzen duen Zainduz programa erabiltzera bultzatzen ditugu, beraiek be bizi kalitatea behar dutelako. Udaletik zein mankomunitatetik, kezkatuta gaude».
Zentzu horretan, Zainduz programaren inguruko hitzaldiak hainbat direla ekarri du gogora. «Gainera, edozein zalantzarako mankomunitatera jo dezakete, eta hara joatea ezinezkoa izanez gero, mankomunitatekoak doaz euren etxeetara». Busturiko Udalak be bitartekari lanak egiten dituela azaldu du Renteriak. «Egoera txarrean dauden familien barri emoten diogu mankomunitateari».
Mankomunitatea osatzen duten beste herrien egoerekin alderatuta, Busturiko errealitateak «berezitasun aipagarririk ez» duela ondorioztatu dute, baina bai zenbait punturi arreta berezia ipini behar diotela: zahartze aktiboari eta autonomia bultzatzeari, batetik; eta, bestetik, adin tarte eta bizikidetza unitate batzuei arreta berezia eskaintzea (bakarrik bizi direnei, edota etxean bizi diren guztiak adinekoak direnean). Horrez gain, familiartekoen zaintza lanean laguntzeko zerbitzuak eskaintzea be gomendatzen du txostenak.