Altzariak eta tresnak biltzeko zerbitzua eskaintzen hasi dira Mundakan
Mundakako Udalak altzariak eta tresnak biltzeko zerbitzua ipiniko du herritarren eskura, dohainik. Zerbitzu hori erabili gura dutenek, ezinbestekoa izango dute aurretiaz abisatzea.
Udaletik jakinarazi dutenez, altzariak eta tresnak biltzeko doaneko zerbitzua eguaztenetan izango da, goizetan egingo dute bilketa, hain zuzen be. Horregatik, altzariak edo tresnak uzteko asmoa duten herritarrek martitzen iluntzean atera beharko dituzte, 20:00etatik 23:00etara. Batu beharreko elementuak, gainera, kokapen egoki batean utzi beharko dituztela azaldu dute; izan be, bilketa guneak herriko puntu desberdinetan egongo dira kokatuta, 14 daude: Portuondoko kanpina, Erreka Auzoa, Lorategi Kalea, Lorategi eta Alkate Mallona arteko errotonda, Alkate Mallona, Txorrokopunta, Itxaropena eta Florentino Larrinagaren arteko gurutzean, Sorkunde eta Goikoren arteko gurutzean, Intxaurrondo plaza, tren geltoki aurrean, Geltoki eta Raimundo Abaroaren arteko gurutzean, Basamortu kalean, Isla Kale kiroldegia eta Santa Katalina plaza.
Derrigorrezkoa abisatzea
Mundakako Udala eskaintzen hasi den zerbitzu barri hori erabiltzeko, derrigorrezkoa izango da aurretiaz abisatzea. Horretarako, 94-441 27 11 telefono zenbakira deitu beharko da. Deia egiterakoan utziko den materialari eta kantitateari buruzko zehaztasunak emon beharko dira.
Tresnak eta altzariak edukiontzioen inguruan ez ipintzeko gomendioa luzatzen die herritarrei udalak, «birziklapena bermatzeko eta bilketa kamioiaren lana ez oztopatzeko».