Parte hartze prozesuko gaiak Batzorde irekietan landuko dituzte
Bermeon Erabaki parte hartze prozesuan landutako gaiak Udal Batzordeetan eztabaidatzeko konpromisoa hartu du Bermeoko Udalak. Batzorde horiek, gainera, irekiak izango dira, prozesuan parte hartu duten herritarrek be parte hartzeko aukera izan dezaten.
2011. urteko urrian erabaki zen Partaidetza Saila eratzea. Ondoren, Bermeon Erabaki parte hartze prozesua abiarazi zuten, eta horretan, taldeka banatuta, gai desberdinak jorratzen dituzte. Orain, Bermeoko Udalak prozesuan lantzen diren gai horiek Tokiko Gobernu Batzordean edo gaiari dagokion Batzordean edota Erakunde Autonomoen Organo Eragilean aztertzeko konpromisoa hartu du.
Parte hartze prozesuko gairen bat landuko dituzten Batzordeak, gainera, irekiak izango direla jakinarazi dute. Horrela, gaia jorratzen ibili diren lan taldeko ordezkaritza batek parte hartu ahalko du, eta horiek izango dira gaia aurkeztuko dutenak. Are gehiago, gaia bideragarria dela ikusten badute, udal politikan sartzeko konpromisoa hartuko du Bermeoko Udalak.
Kirolaren diagnostikoa
Bermeon Erabaki parte hartze prozesuak barikuan du hurrengo hitzordua. Bermeon kirolaren egoera zelakoa den eta kirola bultzatzeko zein motatako ekimenak egin ahal diren aztertzen dabiltza. Apirilaren 11ko suteagatik prozesua eten zuten baina kirolaren gaiara barriro helduko diote barikuan, 19:30ean Gizarte eta Kultura Etxean. Barikuko batzar hori gaia lantzeko azken bilera izango da. Orain arte kirolaren egoeraren diagnostikoa egin dute eta proposamenak egin dituzte.