Gero eta gehiago birziklatzen dute mundakarrek
Mundakako Udala «pozik» agertu da herriko birziklatze datuak goraka doazelako. Jakinarazi dutenez, mundakarrek gero eta hondakin gutxiago botatzen dituzte ohiko zaborrera: 2006tik 2012ra, 205.969 kilo zabor gutxiago jaso dituzte, eta horrek lagundu egiten dio udalari aurrezten.
Hain zuzen be, sei urtetan Mundakako Udalak 14.401 euro aurreztu dituela azaldu du, «ohiko zaborraren edukiontzira botatako zabor tona bakoitzeko ordaindu egin behar delako, horiek zabortegietan tratatuak izan daitezen». Aurreztutako dirua zerbitzuak hobetzeko erabili dutela aipatu dute.
2010. urtean ipini zituzten herrian olioa birziklatzeko lehenengo edukiontziak. Bi edukiontzi ipini zituzten orduan eta urte haretan 207 litro olio birziklatu zituzten. Joera hori, barriz, goraka joan da eta aurtengo lehenengo hiruhilekoan 680 litro olio birziklatu dira jada. «Joera positiboa da, eta aurten, erritmoa mantenduz gero 2.500 litro olio birziklatzera hel gaitezke», esan dute. Ahalegina egitea merezi duela diote udaletik, izan be, 2013ko lehenengo hiruhilekoan birziklatu den olioarekin 680.000 litro ur gutxiago kutsatu direla jakinarazi dute.
Olioa ez ezik, gainontzeko birziklatze datuek be gora egin dituzte. Esaterako, kartoiaren eta paperan kasuan 2006an, 36.519 kilo batzen zituzten, iaz, barriz 50.880 kilo izan ziren birziklatutakoak. Beirak be gora egin du nabarmen, sei urtetan 25.000 kiloko gorakada izan baitu.Azkenik ontzien eta plastikoen birziklapenari dagokionez, 2006tik 2012ra 9.000 kilo gehiago batzea lortu dute.
Udaletik adierazi legez, « ohiko zaborrera bota ez ditugun kiloak bat datoz goraka doazen birziklatutako kilo kopuruarekin». Mundakako alkate Aitor Egurralak herritarrak zoriondu gura ditu eta «sortzen dituzten hondakinak modu jasangarrian kudeatzen» jarraitzeko animoak emoten die.