Udal azokako zenbait aparkaleku saltzea aurreikusi du Bermeoko Udalak
Aparkalekuan egon diren hezetasun arazoak konpondu ostean, irtenbidea emon gura dio Bermeoko Udalak. Hori dela eta, zenbait aparkaleku salgai ipintzea aurreikusten badute be, beste zenbait txandakako aparkaleku modura erabiltzeko ahalbidetuko dute.
Bi solairu ditu aparkalekuak, 114 ibilgailurentzako lekua dago, hain zuzen be. Solairuetako batean txandakako aparkalekua ipintzeko asmoa iragarri du udalak. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan, «inguru horretako merkataritza bultzatzeko balioko luke horrek».
Beste solairuko aparkalekuak, barriz, salgai ipini gura dituzte inguru horretan dauden aparkatzeko arazoak direla eta. Bidegurenek jakinarazi legez, «aparkalekuen egoera aztertzeko ikerketa bat egin zen eta emaitzen arabera, inguru horretan 612 ibilgailu daude erroldatuta eta dauden garajeak 218 dira bakarrik. Hortaz, gabezia handia dago inguru horretan eta horri irtenbide bat emon gura diogu».
Halanda be, aparkalekuak salgai ipini ahal izateko udaleko inbentariotik kanpo geratu behar dira. Horregatik, joan den asteko osoko bilkuran, udal azokako lurrazpiko desatxikipenaren espedientea martxan ipintzea onartu zuten Bilduren eta EAJren aldeko botoekin.