Herriko gaztegunea erabiltzeko arauak onartu ditu Gautegiz Arteagako Udalak
Udaletxearen eta kultur etxearen artean dagoen udal lokala erabiltzeko arauak onartu ditu Gautegiz Arteagako Udalak, azken osoko bilkuran, EAJren aldeko botoekin eta Bilduren abstentzioagaz. Gaztegunea «toki ireki eta integratzailea» izango dela esan du udalak, eta «gazteek beraien aisialdia sustatzeko» erabiliko dutela gaineratu du.
Hala, 14 urtetik 24 urtera bitarteko herriko gazte guztiek erabili ahal izango dute. Lokalean sartzen diren horiek guztiek ezin izango dute jarrera ez homofobo ez sexistarik erakutsi, eta, era berean, «pluralitatea helburu, Gaztegunean ez dituzte onartuko ez ekintza politiko, ez propaganda ez sinbologia politikoa duen elementurik». Gainera, udalak jakinarazi duenez, lokalean bertan ezin izango da erre, eta alkohola kontsumitzea, saltzea edo izatea be debekatuta izango dute bertaratzen direnek.
Ordutegia, finkatuta Gaztegunearen ordutegia be zehaztu du udalak: astegunetan, 10:00etatik 22:00etara egongo da zabalik, eta asteburu, jai egun edo jai bezperatan eta oporraldian, barriz, 10:00etatik 00:00etara. Noizbait ordutegia aldatu nahi izanez gero, udaleko arduradunen baimena behar izango du herritarrak. Bestalde, lokalaren garbitasuna «erabiltzaileen ardura» dela dio udalak, eta, hori dela eta, «beharrezko garbiketa» egin beharko dute horiek. Udalaren arabera, erabiltzaileen ardura da baita arau horiek betetzea; horregatik, udalak bere aldetik arau horiek behar bezala betetzen direla bermatuko du, «hartu beharreko erabakiak hartuz».