Hegazti migratzaileen aldeko mundu mailako eguna ospatze aldera, berbaldi bat eta ate irekien eguna antolatu ditu Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek. Hegazti migratzaileak eta erabiltzen dituzten ekosistemak kontserbatzeko lankidetza eta ikerketa sareak sortzeko beharra nabarmentzeko asmoz,
Sareak sortzen hegazti migratzaileak kontserbatzeko lelopean dator mundu mailako egun hori.
Urdaibai Bird Centerrek antolatutako hitzaldia oilagorren ingurukoa izango da. Hain zuzen, Juan Arizaga Biologian doktorea Urdaibaiko oilagorren migrazioaz eta satelite bidezko jarraipenaz mintzatuko da eguenean, zentroan bertan (Orueta auzoa, 7). 19:00etan hasiko da berbaldia eta sarrera doakoa da.
Oilagorrak
«Gure basoei eta landazabalari hain lotuta dagoen eta ohitura gautarrak dituen espezie horren kudeaketa egokirako aleak nondik datozen eta ugaltzera nora doazen ezagutzea ezinbestekoa» dela nabarmendu dute Urdaibai Bird Centerretik. Bide horretan, Gautegiz Arteagako zentroak bi oilagor markatu ditu 2013ko neguan, satelite transmisore bidez. «Jasotzen ari garen datuekin bidaiari nekaezin horiek nondik migratzen duten, non gelditzen diren eta noraino doazen ezagutzen hasi gara», azaldu dute.
Zentroa, bertatik bertara
Bestalde, zentroa bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da zapatuan, ate irekien egunari esker. Hain justu, ordubeteko lau bisita antolatu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak, talde bakoitzean hogei pertsona egon daitezkeela zehaztu duelarik. Azpiegiturak ezagutzeaz gain, hegaztien migrazioaren fenomenoak Urdaibain daukan eraginaren inguruko azalpenak jasoko dituzte bisitariek.
Ate irekien egunean parte hartzeko aldez aurretik izena ematea komeni da. Informazio gehiago gura izanez gero, beraz, 699-839 202 telefono zenbakira deitu beharko da. Dena den, bisitak 09:30ean, 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean izango direla aurreratu dute.