Gernika-Lumoko EAJko ordezkariak azalpenak emoten
Gernika-Lumoko udal gobernuak 2012ko aurrekontuak itxuraldatu dituela salatu dute EAJko zinegotziek. Jakinarazi dutenez, Bilduk zortzi milioi euro xahutu ditu gastu arruntetan, 2007tik. Zortzi milioi euro horiek, gainera, udal aurrezkietatik hartu dituztela diote jeltzaleek. Hala, Bilduren udal gobenuak adierazi duenaren kontrara, Gernika-Lumoko egoera ekonomia “kezkatzeko modukoa” dela uste dute. Izan be, “bakarrik 8.000 euro inguru geratzen dira udal aurrezkien kutxan”.
Luis Ortuzar EAJko kideak azaldu duenez, 2012ko aurrekontua be “defizitarioa” izan da. Haren berbetan, “Bilduk zenbait mugimendu finantziario egin dittu itxuraz positiboak diren kontuak aurkezteko”. Dioenez, “aurten be aurrezkiak erabili ditu udal gobernuak datu positiboak aurkezteko”. EAJkoek jakinarazi dutenez, udal gobernuak “ez du arduraz jokatu”, kutxako aurrezkiak agortuz.
Ortuzaren hitzetan, “arduragabekeriaz jokatu du Bilduk 2012ko aurrekontua egiterakoan. Hala, 2013an herriaren egoera ekonomikoa txarra izango dela deritzo, udalak bakarrik 8.000 euroko soberakina baitauka.
Egoera ekonomikoa hobetzeko modu bakarra gastu orokorren murrizketa da jeltzaleentzat. Herriko erakunde autonomoetan, esaterako, udalak diru gehiegi xahutzen duela uste dute EAJkoek.