Busturiako futbol taldeak Bizkaiako Bigarren Mailako liga irabazi du, B multzoan. Busturiarrak bigarren sailkatuak ziren ligako azken partida jokatu aurretik, baina Gernika Sportingen hanka sartzea baliatu zuten liga irabazteko. Hala, bertoko bi taldeek puntu kopuru bardina izan arren, sartutako eta jasotako golen aldeagatik gailendu da Busturia. Hain zuzen, 73 gol sartu ditu eta hamazazpi gol jaso ditu, 2012-2013 denboraldian. Gernika Sportingek, bestalde, 70 gol sartu ditu eta 26 jaso ditu.
Lekeitio Bren kontra garaipena lortuz gero, Gernika-Sportingek irabaziko luke liga. Halanda be, gernikarrak puntu bakarragaz bueltatu ziren Lea Artibaitik, 0-0 bardindu ostean. Busturiak, bestalde, 6-0 irabazi zuen Montefuerteren kontra.
Liga irabazita, Busturiak txapeldunen txapelketa jokatuko du, Zazpi Landaren kontra. Zazpi Landa menpean hartuz gero, Bigarren Mailako liga garaikurra irabaziko lukete bertokoek.