Auka Bidaiak Gernika saskibaloi taldeak, junior mailako Bizkaiko txapelketa irabazi du, joan den asteburuan lauko finalean gailenduta. Hain zuzen, Loiola Indautxu, Tabirako, eta Irlandesas hartu behar izan zituzten menpean bertoko jokalariek, liga garaikurra Gernika-Lumon geratzeko. Izan be, Malosten jokatu zuten lauko finala.
Lauko finaleko lehen partida Loiola Indautxuren kontra lehiatu zuten bertokoek, 56-43 irabaziz. Emozio handiko partida izan zen, eta azkenera arte ez zen erabaki. Zehazki, partidaren azken laurdenean emon zion buelta emaitzari Auka Bidaiak Gernikak.
Bigarren partida, bestalde, Irlandesasen kontra jokatu zuten gernikarrek. Bertoko taldeak ez zuen partida ona jokatu, baina garaipena lortu zuen. Partida amaitzeko bi minuturen faltan jarri ziren aurretik KESBeko neskak. Azkenean, 54-46 nagusitu ziren.
Lehen bi partidak irabazita, gernikarrek eskuan zuten liga garaikurra. Bertokoek garaipena behar zuten ezustekorik ez egoteko, eta hala egin zuten. Izan be, Tabirako talde durangarrak irabaziko luke liga, gernikarrek partida erabakiorra galduz gero. Partida oso orekatu bat jokatu ostean, KESBeko neskek 52-49 irabazi zuten. Durangarrek partida bardintzeko aukera izan zuten azken jokaldian, baina huts egin zuten hiruko marratik.