Gernika-Lumoko Adolfo Urioste kalean ipini dute bigarren eskuko liburuen azoka
Azken asteetan egon da martxan Iparralde-Hegoalde gobernuz kanpoko erakundearen kanpaina, Gernika-Lumoko Seber Altube, San Fidel, Mertzede, Allende Salazar eta Gernika BHI eta Muxikako Urretxindorra ikaszentroen lankidetzagaz. Ikastetxe horietan saldu ez diren liburuak domekan ipini zituzten kalean salgai, euro batera. Ikastetxeetan nahiz kalean saldutakoari esker, 3.046 euro batu ditu gobernuz kanpoko erakundeak. “Horrek esan nahi du 3.046 liburu eskuz aldatu direla eta hasierako helburuak guztiz bete direla”, esan dute. Batutako dirua Angolako Malanje herrian josefinatarrek martxan jarritako proiektu batera bideratuko dute.
Ikastetxeetako ordezkariek “erakutsi duten inplikazio maila altua” goraipatu du Iparralde-Hegoaldek. “Eskola bakoitzeko agenda 21 taldekoak (ikasle eta irakasleak) izan dira lorpen honen protagonista nagusiak”.