Apirilaren 11n Alde Zaharreko Nardiz Tar Jon kalean gertatutako sutearen ondorioz kaltetutako eraikinetan egin behar dituzten obrak finantzeko diru laguntzak emongo ditu Bermeoko Udalak. Erabaki hori aho batez onartu zuten atzoko udalbatzarrean. Gainera, Larrialdietarako Batzorde berezia formalizatzea be onartu dute.
Bermeoko Udalaren helburua, Idurre Bideguren alkatearen esanetan, «sutean etxebizitza galdu zutenei horiek eraiki ahal izateko edo kalteak dituzten etxebizitzak birgaitzeko erraztasunak emotea da». Era berean, Nardiz Tar Jon kaleko bizitasuna «ahalik eta arinen» berreskuratu gura dute, «Alde Zaharreko kalerik bizienetakoa baitzen».
Udalbatzarrean onartutakoarekin, beraz, kaltetuek Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zerga, Urigintza lizentzien tasa eta Herri Erabilpenerako lurrak okupatzeko zergak ordaintzeko diru laguntzak izango dituzte. Sutea gertatu zen egun beretik «lehentasuna kaltetuak» izan direla aipatu du Bidegurenek eta horiei laguntzeko «ahal duten beste» egingo dutela gaineratu du, eta onartu duten neurri horrekin laguntzea dute helburu.
Larrialdietarako Batzordea
Kaltetuen beharrizanei eta sutearen ondorioei “ahalik eta erantzun hobeena” emon asmoz, Larrialdietarako Batzorde bat eratu dute, eta astero biltzen dira. Horren formalizazioa be atzoko osoko bikuran onartu zuten, aho batez.
Suteak kaltetutako beste eraikinetako bat Bermeoko udaletxea da. Beraz, konpontze lanak egin bitartean osoko bilkurak Gizarte eta Kultura Etxean egingo dituzte.
Kubatar jaialdi jendetsua
Sutearen ondorioz kaltetuak izan diren horiei laguntzeko egun guztiko jaialdia izan zen domekan, Lamera parkean. Oraingo honetan doinu latinoak izan ziren protagonistak. Salsacubana akademiako lagunak izan baitziren anjaialdia antolatzeaz arduratu zirenak. Goizean hasi eta iluntzera arte, Kubako doinuak hartu zuten Lamera, hain zuzen, kiosko ingurua hartu zuten dantzarako prest Bermeora bertaratu zirenak.Bermeotar asko egon baziren be, asko eta asko zan ziren inguruetatik etorritakoak be; batzuek ikasteko eta dantzarako gogoarekin, beste batzuek, barriz, kuxkuxean. Guztiek «giro ederra» sortu zuten Lameran.
Hainbat izan ziren egunean zehar eskainitako tailerrak, izan be, irakasle adituak bertaratu ziren. Baina dantza egiteko aukera izateaz gain, azoka solidarioa be ipini zuten. Bertan jaialdian parte hartu gura izan duten dendak eta tabernak utzitako produktuak eros zitekeen.