Malluki industriagunearen enpresa sustatzaileari lurren jabegoa kendu diote
Errigoitiko Malluki industriaguneak beste kolpe bat jasan du. Hain zuzen, industriagunea eraiki behar zuen enpresa sustatzailea bahitu du epaile batek, Olabarriko lurren jabegoa kenduz. Joan den astean, enkantera atera zituzten lurrak, baina inork be, ez zituen erosi. Hala, lurren jabegoa udalaren eskuetara pasa da barriro, “musutruk”.
Iñaki Madariaga Errigoitiko alkateak irrati bati azaldu dionez, “enpresa sustatzaileak ez ditu etxeko lanak egin”. Krisia dela eta, enpresak ez ditu industriaguneko lanak hasi. Hala, udalak espediente administratibo bat zabaldu zuen, lurrak udalaren jabegora buelta zitezen. “20 edo 30 egun barru, lurrak udalarenak izango dira barriro”, esan du.
Akordioa bertan behera geratuta, enpresa sustatzaileak lurrengatik ordaindutakoa galdu duela esan du Madariagak.
“Alde batetik ona da”
Olabarriko industriagunea eraikitzea gero eta zailagoa izan arren, alkateak ondo hartu du albistea. Dioenez, “udalak berea dena berreskuratuko du”. Hala, industriagunea eraikitzeko lurrengatik barriro kobratuko dutela nabarmendu du.
Lurra udalaren jabegora pasatu ostean, Errigoitik espediente administratibo bat jarriko du martxan, industriagunearen proiektua biziberritzeko. Madariagak dioenez, zenbait aldaketa egin behar dituzte proiektuan, baina lursaila barriro saltzeko asmoa daukate.
Errigoitiko alkateak, baina, ez du eperik zehaztu. Dioenez, “astebete bakarrik pasa da enpresa sustatzailea bahitu zutela, eta guztia lotuta izanez gero, jainkoa izango nintzateke”.