Datorren astean zehar, Eskolarteko XXV. Antzerki Astea hartuko du Gernika-Lumoko Lizeo antzokiak. Aurreko urteetan lez, udalerriko irakaskuntza zentro guztiek parte hartuko dute Gernika-Lumoko Udaleko Hezkuntza Arloak eta Euskara Zerbitzuak antolatutako ekitaldian.
Hain zuzen, maiatzaren 7tik 10era bitartea
n –biak barne– izango dute herriko gaztetxoenek antzezteko duten abilezia erakusteko aukera; izan be, ikasturtean zehar, ikastetxeetan lantzen aritu diren antzezlanak kaleratzeko aukera paregabea izango dute.
Guztira, udalerriko zazpi zentroek parte hartuko dute; hala, zazpi antzeztalde izango dira taulagainean. Gernika-Lumoko Udalak «LH eta DBHko 120 bat antzezle eta 1.400 ikusle» izatea aurreikusten du. Goizez eta arratsaldez antzeztuko dute horiek, ikasleentzat; gainera, familiakoentzako saioak be egingo dituzte.
Udal Eskola Kontseiluan ikasturterako finkatzen den eskolaz-kanpoko ekintza bat aipatu antzerki astea, «umeak gizarteratzeko bidea jorratzea helburu». Dena den, Gernika-Lumoko Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoan be aintzat hartzen dute, «euskararen erabilpena areagotu eta ahozkotasuna eta mintzamena lantzeko asmoz».
Egitaraua, egunez egun
Maiatzak 7, martitzena
11:00etan. San Fidel Ikastola (LH 6. mailako ikasleak). Txanogorritxoren beste istorioa antzezlana.
15:00etan. Allende Salazar ikastetxea (LH 5. eta 6. mailako ikasleak). Selinaren mundua antzezlana.
Maiatzak 8, eguaztena
11:00etan. Barrutialde Institutua (DBH 2. mailako ikasleak). Kale gorrian antzezlana.
15:00etan. Barrutia ikastetxea (LH 5. eta 6. mailako ikasleak). Irish antzezlana antzeztuko dute.
Maiatzak 9, eguena
11:00etan. Gernika-Lumoko Institutua (DBHko ikasleak). Gela XXL antzezlana.
15:00etan. Seber Altube ikastola (LH 6. mailako ikasleak). Amets egiteko aukera antzezlana.
Maiatzak 10, barikua
15:00etan. Mertzede ikastetxea (LH 4. mailako ikasleak). Saltoka dator antzezlana.