Gernika-Lumok Erdi Arora egingo du jauzi, asteburuan
Udalak eta Anayao elkarteak antolatuta, Erdi Aroko azoka egingo dute asteburuan Gernika-Lumon. Ohiko egiturari jarraituz, Merkatu plazan kokatutako saltzaileek eta artisauek garai hartako ogibideak hurreratuko dizkiete bisitariei. Bihar 18:00etan, irekiko ditu ateak eta zapatu eta domekan be egongo da zabalik, 12:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 23:00etara.
Produktu ezberdinak eskainiko dituzten saltokiak asko izango dira, eta asko izango dira, baita be, antolatzaileek prestatutako ikuskizunak. Adin guztietako gernikarrei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte; dena den, protagonista nagusiak umeak izango direla esan du udalak. Hala, horientzako, buruhandiak, orekariak, malabarismoak, zirku saioak, magia ikuskizunak, suzko eta umorezko ikuskizunak…
Erdi Aroko pertsonaiek eurek girotuko dute Merkatu plaza, gau eta egun. Juglareek, pregoilariek, trobadoreek, komikoek… lagunduko dute zeregin horretan. Zirku-ikuskizuna, magia eta Erdi Aroko kanpamendua izango dira aurtengo berritasun nagusiak. Hegazti harraparien erakustaldiak, artisauen zuzeneko lanak, arma erakusketak, haurrentzako jarduerek… osatuko dute aurtengo egitaraua.
Taberna eta jatetxeak be egongo dira azokan. Beraz, bisitariek Erdi Aroko errezeten arabera prestatutako hainbat produktu dastatu ahal izango dituzte. Hala, krepeak, ogitartekoak, menuak… jan ahal izango dituzte, mojitoa, ardoa edota bestelakoren bat edaten duten artean.