Gernika-Lumok 742.000 euroko superabitagaz itxi du 2012. urtea
Udalak berak ez ezik, erakunde autonomoek be emaitza positiboekin bukatu dute urtea, aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko legeak agindutakoa beteta. Ia 742.000 euro horietatik 174.054,96 euro diru-sarrerei lotutako gastuen soberakina dela azaldu du Iñaki Gorroño udaleko Ogasun zinegotziak.Gainontzeko 567.912 euroak, aldiz, gastu orokorretako soberakina direla zehaztu du. «Kontuan izan behar da iazko ekitaldia erabat baldintzatu dutela diru-sarreren murrizketek– batez be, Udalkutxak banatutako funtsak eta beste administrazio batzuek emandako diru laguntzen partidak–, eta gastuen atalean, barriz, batzuk, gutxitu beharrean, handitu egin direla», Gorroñok azaldu duenez. Halanda be, 2012ko aurrekontuetan udal sailek eta zerbitzuek proposatutako ekimen eta egitasmo guztiak burutu egin dituztela dio.