Iazko Bizkargi Eguna
Franskimo garaian Bizkargin borrokatu ziren gudarien omenezko erromerian batuko dira domekan hainbat eta hainbat lagun, maiatzeko lehen domekako hitzorduari hutsik egin barik. «Euskal Herriari zor zaion aitortza aldarrikatuko» dute Larrabetzuko, Muxikako, Morgako eta Zornotzako lurretan dagoen mendian. Izan be, antolatzaileek azaldu dutenez, «Gernikan, Durangon, Otxandion… inguruko herrietan egin dugun moduan, Bakea eta Askatasuna aldarrikatuko ditugu lau haizetara».
Lelo horregaz bat eginda, bateko eta besteko mendi taldeek, erakundeek edota taldeek egin dute Bizkargira joateko deialdia. Busturialdeko Ernaik, esaterako, zapatutik joatera gonbidatu ditu gazteak. 10:00etan Gernika-Lumoko tren geltokian jarri du hitzordua, Muxikara joateko, eta handik Gorozikara bidean aterako dira martxan, 10:30ean. 13:00etan Gorozikan harrera egin, eta trikipoteoa egingo dute.
14:00etan, bestalde, bazkari herrikoia egingo dute frontoian eta kantaldi bategaz girotuko dute bazkalostea, 18:00etara arte, ordu horretan hasiko baitute Bizkargirako bidea.
Busturia eta Bermeo
Busturiatik be talde bat aterako da Bizkargira, baina domekan. 08:30ean jarri dute hitzordua Altamirako plazan, handik elkarrekin mendi tontor horretara abiatzeko.
Bermeoko Sollube 707 mendi taldeak Bermeotik Oinez martxa egingo du domekan, Bizkargira be iritsiz. Zehazki, Bermeo-Bizkargi-Zugaztieta-Oiz izango da ibilbidea, Bizkargi Eguna Deiadar mendien egunagaz lotuz.