Beñat Intxausti Movistar Team taldeko txirrindulari muxikarra
Beñat Intxaustik (Muxika, 1986) Italiako Giroa lehiatuko du zapatutik maiatzaren 26a arte. Iazkoaren ostean, muxikarrak bigarren biderrez lehiatuko du Italiako txirrindulari lasterketarik garrantzitsuena.
Bigarrenez lehiatuko duzu Italiako Giroa. Lasterketa hasteko gogotsu al zaude?
Errepidera irtetzeko gogo handia daukat. Iazko esperientzia kontuan hartuz gero, hobeto ibil naitekeela uste dut.
Ez da lasterketa barria izango zuretzat, baina ardura barria izango duzu, lehenengoz taldeko liderretako bat izango baitzara.
Ni eta Juanjo Cobo izango gara taldeko liderrak. Ardura handia izan arren, nire txirrindulari ibilbiderako ona izango dela deritzot. Indarra emongo dit, barruan daukadan guztia ateratzeko.
Ardura hori hartzeko gai al zara?
Iazko Giroan aurrerapauso bat emon nuen, eta aurten eskaileraren beste maila bat igotzeko eskatu didate. Ondo prestatu naiz, eta ardura hartzeko gogotsu nago. Orain errepidean erakutsi behar dut iazkoa ez zela ezusteko bat izan. Heldu da momentua.
Zein izango da helburua 2013ko Giroan?
Etapa bat irabaztea da helburu nagusia. Iaz be bigarren sailkatu nintzen etapa batean, baina podiumaren lehen postuan egon gura dut. Sailkapen orokorrari dagokionez, bestalde, egunetik egunera joan gura dut. Etapak irabazteko lehian egonez gero, sailkapenean be aurrean egon naiteke. Iaz seigarren postuan nengoen azken bi etapak lehiatu aurretik, eta arantza kendu gura dut aurten.
Zein izango da gakoa etapa bat irabazteko?
Giroan etapa bat irabaztea oso zaila da. Aurrekoen artean ibiltzea be asko kostatzen da, baina gakoetako bat izango da. Lasterketako onenekin lehian ibiliz gero, Giroko etaparen bat irabazteko aukera izan dezaket. Hala, momentua heltzean aprobetxatu egin beharko dut. Ez da erraza izango.
Eta sailkapenean lehen hamarren artean sartzeko?
Azken astera fresko heltzea oso garrantzitsua izango da. Giroa oso gogorra da orokorrean, baina bereziki gogorra da azken astean. Aurten lasterketa gutxi lehiatu ditut, eta fresko helduko naizela uste dut.
Urtero bezala, Giroak beldurtzeko moduko ibilbidea dauka. Gogortasunak erabakiko al du lasterketa?
Hiru asteko itzuli batean edozein egunetan galdu dezakezu lasterketaren burua. Giroan, gainera, egunero daude segadak. Mendiko etapak ez direnak be oso arriskutsu bihur daitezke sailkapen orokorra jokatzen duten txirrindularientzat. Azken astean, bestalde, mendiko etapa oso gogorrak lehiatuko ditugu. Lasterketaren momentu erabakiorrera denbora gutxi galduta heltzea espero du.
Zer suposatuko luke Giroan garaipen bat lortzeak?
Alde batetik, nire buruari jarritako helburua beteko nuke. Iaz Asturiasko itzulia irabazi nuen, baina ez nuen etaparik irabazi. Helmugan eskuak altxatzea oso ederra da txirrindulari batentzat, eta Giroa bezalako lasterketa garrantzitsu baten eginez gero, are gehiago.
Zein txirrindulari ikusten dituzu garaipenaren lehian ibiltzeko aukerekin?
Bradley Wiggins eta Vincenzo Nibali guztien gainetik daudela uste dut. Horiek baino apur bat beherago daude Ryder Hesjedal, Cadel Evans, Robert Gessink, Samuel Sanchez, Ivan Basso… Azken finean, maila handiko txirrindulariak lehiatuko dira Giroan, eta lehen hamarren artean sartzea garesti egongo da.
Beñat Intxaustiren izena ez dago hautagaien artean?
Oso ondo prestatu dut Giroa, eta iazko esperientzia oso aberasgarria izango dela deritzot. Ea barriro be onenekin batera ibiltzeko aukera dudan. Esperantza handiak jarri ditut Giroan.