742.000 euroko superabitagaz itxi du 2012.urtea Gernika-Lumok
Gernika-Lumoko Udalak 741.965,96 euroko superabitagaz itxi du 2012. urtea; hala azaldu du, Iñaki Gorroño udaleko Ogasun zinegotziak. Haren esanetan, udaleko erakunde autonomoek be emaitza positiboekin bukatu dute urtea, Aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko legeak agindutakoa beteta.
Ia 742.000 euro horietatik 174.054,96 euro diru-sarrerei lotutako gastuen soberakina da, eta gainontzeko 567.912 euroak, aldiz, gastu orokorretako soberakina.
Erakunde autonomikoei dagokienez, kultur etxeak 6.859 euroko soberakinagaz bukatu du urtea, Lanbide Ekimenetarako zentroak 9.298 euroko agaz, Kirol Patronatuak 8.228 eurokoagaz eta Udal Euskaltegiak 18.767 eurokoagaz.
«Kontuan izan behar da iazko ekitaldia erabat baldintzatu dutela diru-sarreren murrizketek– batez be, Udalkutxak banatutako funtsak eta beste administrazio batzuek emandako diru laguntzen partidak–, eta gastuen atalean, barriz, batzuk, gutxitu beharrean, handitu egin direla», azaldu du udalak.
Halanda be, 2012ko aurrekontuetan udal sailek eta zerbitzuek proposatutako ekimen eta egitasmo guztiak burutu egin dituztela dio udalak. Hala, herriko kirol, kultur eta gizarte taldeak diruz lagundu dituztela gaineratu du, eta, gainera, txosten ekonomikoan jasotako inbertsio guztiei ekin dietela, eta hainbat ustekabeko gastuei be aurre egin dietela aitortu dute.
Bestalde, udalkutxaren altxortegiko egoera be «ona» da, udalaren arabera; izan be, 2012ko abenduaren 31an, 785.118,7 euroko altxortegiko soberakin likidoa zuen udalak.
Horregatik guztiagatik, eta egungo krisi egoera kontuan hartuta, udal gobernuak aurrekontua egiteko orduan, «zuhurtasunez eta zorroztasunez» jokatu duela eta «eraginkortasunez bete» duela uste du Gernika-Lumoko Udalak.