Iazko lasterketaren momentubat
Zapatuan, Bermeoko zazpigarren triatloia jokatuko dute 420 triatleta inguruk. Aritzatxu taldeko kideek azaldu dutenez, aurtengoa lasterketa berezia izango da, batutako dirua apirilaren 11ko suteak kaltetutako herritarrei laguntzeko erabiliko baitute. Hala, elkartasun triatloia bihurtuko da Bermeoko proba.
Antolatzaileen berbetan, “Bermeo bizi eta sentitzen dugulako, ekarpen xume bat egin gura diogu udalari, batutako dirua modurik egokienean banatu dezan”. Hala, probaren amaieran udaletxeko ordezkari bati emongo diote dirua Aritzatxuko kideek. Bestalde, probaren egunean itsulapiko bat jarriko dute irteera gunean, ikusleek ekarpen ekonomiko txiki bat egiteko aukera izan dezaten.
Lasterketa kanpoko portuko maldaren inguruan hasiko da. Triatletek 750 metro egin beharko dituzte igerian. Ostean, bizikleta hartuko dute, 28 kilometroko «ibilbide bortitzari» aurre egiteko. Amaitzeko, 6 kilometroko korrika saioa egingo dute parte hartzaileek. Bi bueltako emongo dituzte portua inguratzen duen zirkuituan. 16:00etan hasiko da lasterketa.