Ortu kolektiboa martxan jartzeko azken batzarra egingo dute barikuan
Gernika-Lumoko eta inguruko herritarren ortu kolektiboa laster egongo da prest, Arkibai Arkitektura Ikasle Taldeak jakinarazi duenez. Hain zuzen, barikuan egingo dute azken batzarra, ortu barruan lanean hasi aurretik. Sustatzaileek diotenez, martxa onean doa proiektua. Azken batzarrean, esaterako, 25 lagun inguru batu ziren, eta e-posta bidez be, informazio eskaera asko jaso dituzte. Hala, barikuan jende multzo handiagoa batuko dutela deritzote Arkibai taldekoek. 18:00etan hasiko da bilera.
Sustatzaileen beretan, bi lur eremu lortu dituzte ortu kolektiboak egiteko. Hala, proiektuan parte hartu gura dutenek bietako bat aukeratu beharko dute. Hain zuzen, Tiloetako pasealekuaren ondoan eta Ajangizen daude bi lursailak.
Arkibai taldekoek inguruko baserritarren prestutasun eskertu eta goraipatu dute. Arkitektura ikasleen berbetan, “euren jakintza trasmititu gura dute, lurra alperrik galtzen utzi barik”. Hala, proiektuaren sustatzaileak pozarren daude.
Ortu kolektiboaren inguruan, jende mota desbardina batu dela be nabarmendu dute Arkibaikoek. “Gazteak, helduak, adinekoak, noizbait ortua izan dutenak, nekazaritzaz ezer ere ez dakitenak…”. Hala, guztion arteko alkarlana oso aberasgarria izango dela deritzote arkitektura taldekoek.