Zabalik da Hegaluze Sarirako hautagaiak aurkezteko epea
Arrain Azoka elkartearen babesarekin Itsuki Irratiak antolatzen duen Hegaluze Sarirako hautagaiak aurkezteko epea zabalik dago jada. Proposamenak, Itsuki Irratian eta Turismo bulegoan jasoko dituzte maiatzaren 21era arte.
Aurtengoa XVII. Hegaluze Saria izango da, eta sari horrekin ekintza puntual bat edo jarraipen profesional bat saritu gura dute, Bermeoko herriaren izena zabaldu duenari edo herriaren alde lan egin duenari. «Saria pertsona, erakunde, elkarte, entitate, enpresa edo proiektu bati ematen zaio eta arlo guztietako ekintzak saritzen dira», azaldu dute antolatzaileek. Saria, beraz, irekia da; kirola, enpresa, kultura, gizartea, ekonomia… arloko jendea saritu daiteke.
Proposamenak hiru modutara aurkeztu daitezke: posta elektronikoz (hegaluze@itsuki-irratia.net) edota gutunez Itsuki Irratira (Hegaluze Saria, 120p.k-48.370 Bermeo) bidalita. Bestela, zuzenean, Turismo Bulegora eraman daitezke maiatzaren 21a baino lehen.
Proposamenekin batera, orri batean zergatiak idaztea eskatzen dute; hau da, zer dela-eta merezi duen pertsona horrek saria jasotzea.
Epaimahai batek aukeratuko du aurtengo irabazlea eta maiatzaren 24an Nestor Basterretxea aretoan emongo da saria.