Moto kontzentrazioa, Goiko plazan
Apirilaren 11n Nardiz Tar Jon Kalean gertatutako suteak kaltetutako familiei laguntzea dauka helburu Bermeoko alde zaharrak gaur hartuko duen hamar orduko jaialdi solidarioak. 20:00ak bitartean, hainbat jarduera egongo dira alde zaharrean, Bizkaiko motorzaleek Bermeoko rock taldeen eta alde zaharreko tabernarien laguntzagaz antolatuta.
Motoen kontzentrazioa, kontzertuak, atun pintxoak… izango dira gaurkoan. Motoen kontzentrazioagaz hasi da jaieguna, Goiko Plazan bildu baitira hainbat motorzale. Motorzaleek, gainera, Goiko Plazan jarritako txosnan txorizo pintxoak euro batera salduko dituzte. Aurreikusita egon ez den arren, hegaztien erakustaldia be egingo dute udaletxe aurrean.
Hegaztien erakustaldian, hainbat lagun
Kontzertuak hiru gunetan
Bestalde, hamalau rock taldek parte hartuko dute gaurko jaialdian: Bermeoko hamahiru talde eta Gatikatik etorritako bi. 11:00etatik aurrera izango dira Alde Zaharreko hiru puntutan; izan be, nahiz eta jaialdiaren erdigunea Goiko Plaza izango den, Aurrekoetxea eta Erremedio kaleetan be zenbait kontzertu eskainiko dituzte taldeek. Azaldu dutenez, taldeetako kideek gitarren zorroak aprobetxatuko dituzte kaltetuentzako dirua batzeko.
- Aurrekoetxea kalean, 11:00etatik 15:00etara: Zona 0, Cactus, Set eta Ost.
- Erremedio kalean, 11:00etatik 16:00etara: Gatom, Controladores Aereos, Magnetico Grupo Robot, Ramonetarrak eta La Vieja.
- Goiko Plazan, 12:00etatik 15:00etara: Norez, Txo Sevilla eta Inguma.
- Goiko Plazan, 16:00etatik 20:00etara: Snatzen, Sealed Room eta Unholy Covers.
Rock taldeez gain, Txo Sevillak be parte hartuko du, dantza erakustaldia egingo baitu eta goizean zehar Darbuka perkusio talde be kalejiran ibiliko da Alde Zaharretik.
Kontzertuetako bat
Bizkaiko motorzaleek, gainera, Camposek utzitako atuna banatu dute Alde Zaharreko tabernetan. Horiekin atun pintxoak prestatuko dituzte eta
euro batean ipiniko dituzte salgai. Atun pintxoetatik lortutako dirua sutearen ondorioei aurre egiteko izango da.
Era berean, jakinarazi dutenez, tabernetan itsulapikoak ipiniko dituzte helburu bardinarekin. Hurrengoak dira ekimen honetan lagunduko dutenak: Bermeoko kafe Antzokia, Izokin, Toki Alai, Akelarre, Doniene, Kaixio, Julen, Gure Toki, Txalaparta, galerna, Umbe, Casco Viejo, Beleza malandra, Aurresku, Zubi Gane, Gai Sai, Amaia dastaleku, Txiriboga eta Agurtzane eta Izaskun estankoa.
Elkartasunak jarraitzen du
Goiko plazan jarritako txosna
Hilaren 11ko sutean kaltetuak izan diren horienganako elkartasunak jarraitu egiten du, asko eta asko dira modu batera edo bestera lagundu gura dutenak. Esaterako, joan den zapatuan Nuntxakuk Kapillan antolatutako kontzertuetatik lortutako dirua, 385 euro, hain zuzen be kaltetuentzako izango da. Horrela erabaki zuten Urgatz, Casus Belli eta Gailur musika taldeek.
Janaria sailkatzen
Bestalde, atzo goizean Alacanteko (Herrialde katalanak) Arbora Ausonia enpresako langileek eta enpresak berak bildutako 200 kilo solidario ekarri zizkion Halcourier enpresak doan Kate Sarea elkarteari, sutean kaltetutakoen artean banatzeko: haur-oihalak, konpresak, arropak, mantak eta iraungitzen ez diren jakiak. Teodoro Tar Anasagastiko lokalean bildu dituzte elkarteko zenbait boluntariok eta “oso eskertuta daude”. Kaltetuak martitzenetan 10:30etik 12:30era joan daitezke Teodoro Tar Anasagastiko lokalera jakien bila edota eguenetan, ordu berean, arropen bila. Elkarteak Santa Maria elizaren atzean duen lokalera joan beharko dute.