Ionut Zinca Gazteizen (Araba) bizi den errumaniarra eta Maite Maiora mendaroarra (Gipuzkoa) nagusitu ziren Tuga Arratzu Urdaibai mendi lasterketan, joan den zapatuan. Maiorak lehengo biderrez irabazi zuen Arratzuko proba, baina Zincak laugarren txapela jantzi zuen Busturialdeko proba gogorrean. Hain zuzen, jarraian irabazi ditu azken lau edizioak. Zincak 2:36:47ko denbora ezarri zuen helmugan eta Maiorak 3:11:26koa.
Errumaniako korrikalariak hasieratik egin zuen ihes. Hala, kilometroz kilometro bigarren sailkatuarekiko errenta handitu zuen. Hain zuzen, Cristobal Adell Albalat valentziarra (Herrialde Katalanak) sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik ia lau minutura. Podiumeko azken postuan bestalde, Jose Francisco Gutierrez kantabriarra (Espainia) sailkatu zen.
Emakumezkoetan errenta handiago lortu zuen Maiorak. Uxue Fraile nafarrak ezin izan zuen irabazlearen erritmoa jarraitu, eta ia zazpi minutu galdu zituen helmugan. Hirugarren postuan, bestalde, Emanuela Brizio italiarra sailkatu zen.
Busturialdeko korrikalariei dagokionez, Imanol Goñi izan zen azkarrena. Natxituarrak (Ea) seigarren postuan amaitu zuen nazioarteko proba irabazlearengandik zazpi minutu eta erdira. Goñik ez zuen ondo hasi lasterketa, eta Ereñozar nahiko atzean pasatu zuen. Azken 20 kilometroetan, baina, hobeto moldatu zen, seigarren sailkatuz.
Guztira 180 parte hartzailek lehiatu zuten Arratzuko proba. Aurreko urteetan baino parte hartzaile gutxiago dira, baina kontuan hartu behar da aurten nazioarteko lasterketa izan dela eskualdeko proba.
Sailkapena ikusteko sakatu hemen