Gernika Sariak jaso dituzte Otegik, Egigurenek eta Brasilgo MST elkarteak
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Gernikako bonbardaketaren urteurrenean banatu ohi dituzten Gernika Sariak Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren politikariek eta Brasilgo MST (Lurrik Gabekoen Mugimendua) jaso dituzte aurten. Bakearen eta Berradiskidetzearen alde egindako lana aitortzea dute helburu urtero banatzen dituzten sari horiek. Hain zuzen, Euskal Herrian bakea lortzearen alde egindako lana aitortu gura diete ezker abertzaleko Arnaldo Otegiri eta PSEko kide Jesus Egigureni. “Helburu zehatz bat lortzeko asmoz, elkar ulertzeko gai izan dira biak, ideologikoki desberdin pentsatu arren”, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñoren hitzetan. Otegi preso dagoela eta, politikarien alabek jaso dute saria, belaunaldi barrien bake nahia islatuz.
Saritu guztiak talde argazkian
Maria Egigurenek azaldu duenez, elkarbizitzaren garaia da. Hala, iraganeko gorrotoa alde batera utzi behar dela deritzo. “Hamahiru urteko neska gaztea izan arren, “bildurra eta gorrotoa zer diren ezagutu dut, baina gorrotoa infernua da”. Hala elkarbizitzaren alde lan egiten duten pertsona guztiak goraipatu ditu. Aitak idatzitako gutun bat be irakurri du alabak. Gutunean, Lizeo Antzokian egon ez diren pertsonei, tartean Otegiri, eskeini die saria PSEko kideak. Haren berbetan, Otegi “bakearen ministroetako bat” da.
Otegiren eta Egigurenen alabak sariagaz
Egigurenen alabak amaitutakoan, Begoña Landa Gernika-Lumoko zinegotziak Otegik Logroñoko (Espainia) kartzelatik bidalitako gutun bat irakurri du. Otegiren berbetan, “arduraz beteriko ohore bat da Gernika-Lumoren izena daraman saria jasotzea”.
Ezker Abertzalearen ordezkariak gutunean dioenez, “Elgoibarko Txilarre baserrian hasitako bideak fruituak emon ditu”. Haren berbetan, horregatik heldu da euskal gizartea gaur egungo egoerara. “Mahai horretan jezartzen ginenok hizki handiz hasi ginen politika egiten. Mahai horretan ondorioztatu genuen Euskal Herriak justizizan eta bakean oinarritutako akordio bat behar zuela, bide barria zabalduz”. Hala, Jesus Egigurenen lana goraipatu du Otegik. “Asko zor dio Euskal Herriak” dio gutunean.
Bestalde, gaur egungo egoerara heltzeko lan egin duten Ezker Abertzaleko ordezkariak be izan zituen gogoan. Batez be, kartzelan dauden Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Rafa Diez eta Arkaitz Rodriguez.
Brasilgo lurrik gabeko mugimenduko ordezkaria sariagaz
Nazioarteko saria be banatu dute Lizeo Antzokian, urtero legez. Hain zuzen, Brasilgo MSTak jaso du saria, lurrik gabeko nekazarien alde egindako lanari aitorpena emonez. “Gaur egun 350.000 familiak erabiltzen dituzten bost mila hektarea lur berreskuratu dituzte, bakearen eta justizia sozialaren alde eginez”. Joao Carlos Rodriguez mugimenduko kideak kartzelan dauden eta erail dituzten nekazari guztiak izan ditu gogoan hizketaldi labur baten. Haren berbetan, “lurrik gabeko nekazariek indarrak batzen jarraitu behar dute, sistema kapitalistaren kontra egiteko”.
Gernika Sarien ekitaldia bakearen aldeko hitzarmena sinatzeko be aprobetxatu dute. Nagasakigigaz (Japonia) iaz sinatu zuen akordioa Gernika-Lumoko Udalak, eta aurten Hiroshimagaz (Japonia), Tsuchisakigaz (Japonia) eta Dresdegaz (Alemania) izenpetu du. “Bakearen aldeko, eta gerraren gehiegikerien kontrako adierazpena” da herri bonbardatuek sinatutakoa.
Hormaetxe eta Etxeberria dantza eta musika ikuskizunean
Ekitaldian dantza eta musika ikuskizun bategaz gozatzeko aukera be izan dute bildutakoek. Hain zuzen, Ziomara Hormaetxek eta Aitor Etxeberriak bonbardaketaren urteurrenerako prestatutako lanak bereganatu zuen harreta. Hormaetxeak dantza egin duen bitartean, Etxebarriak piano doinuak jo ditu.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.