George Steer kazetariari omenaldia egin diote Gernika-Lumon
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Bonbardaketearen 76. urteurrenean, gertatutakoa lau haizetara zabaldu zuen kazetaria omendu du Gernika-Lumok: George Steer kazetaria. Omenaldia hunkigarria izan da eta bere semea be bertan egon da. George L. Steerrek bere aita omentzeko batutako guztiei eskerrak eman eta Euskal Herria berpizteko gogor lan egin duten andren, gizonen eta umeen lana goraipatu du. Eta, batez ere, Jose de Ganboa eta Joseba Agirre lehendakari ohiaren semea izan ditu gogoan Steerrek: “Eman didaten laguntasunagatik, adiskidetzagatik eta inteligentzia, gizatasun, eskuzabaltasun, sendotasun irakaspenagatik”. Hori guzti hori berarentzat opari bat izan dela esan du kazetariaren semeak, eta opari hori berori egin gura izan die gernikarrei.
Gernikazarra Historia Taldeko presidente Alberto Iturriartek, barriz, George Steerrek egin zuen lanaren garrantzia gogorarazi du. “Gernika bisitatu eta krimen hura The Times egunkarian ezagutarazi zuen”. Gerora idatzi zuen Gernikako arbola liburuan be bonbardaketaren basakeria gogor salatu zuela gogorarazi du Iturriartek. “Gerraren lehen biktima egia izaten dela esan ohi da, baina Steerrek egia manipulatua izan ez zedinlortu zuen bere lanagaz”.
Jose Mari Gorroño alkateak be kazetari britaniarraren lanaren garrantzia izan du gogoan, eta kazetaritza konprometituaren aldeko deia egin du: “Gizartearekiko konpromisoa erakusten duen kazetaritza behar dugu, egiarekiko adeitsua, interes ekonomiko eta politikoengandik independentea dena”. Hala, egia jakitera ematen duen kazetaritzaren aldeko konpromisoa eskatu du Gernika-Lumoko alkateak George Steer kazetariari egindako omenaldian. “Kazetaritza mota hori goraipatu nahi dut, gaur egungo gizartean beharrezkoa baitugu ondo informatuta egotea”.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.