Zaldi probak Morgan
Apirilagaz batera, lehenengo sektoreari bultzada ematea helburu duen urteroko hitzordu handia iritsi zaie morgatarrei. Datorren domekan, Morgako XIV. Azokari esker, hainbat eta hainbat jarduera egingo dituzte Busturialdeko herri horretan; tartean, zaldi proben dema eta falkoneria erakustaldia.
10:00etan hasiko da azoka, eta aurten 28 saltoki izango direla aurreratu du udalak. Andra Mari elizaren inguruan eta frontoian kokatutako erakusmahaietan, bada, ogia eta euskal pastela, eztia, sagardoa, txakolina, txokolatea, nekazal produktu ekologikoak, gazta, patea, kontserbak, marmeladak… aurkitu ahal izango dituzte bisitariek.
Urtero legez, artisautzak be bere lekua edukiko du eta, besteak beste, altzariak, beirazko eta larruzko produktuak, bitxiak, eskuz margotutako kamisetak, artilezko galtzerdi eta abarkak erosteko aukera egongo da Morgan.
Zaldi proben desafioa, bestalde, 13:00etan hasiko da, Amalloko Giñerregiren Guda eta Munitibarko Motrolluren Lai zaldien arteko norgehiagokagaz. 1.100 kiloko harriagaz ariko dira zaldiak deman, ordu erdiko bi saiotan.
Desafio hori ez da izango, ordea, eguneko ekitaldi ikusgarri bakarra, azken urteetan bezala falkoneria erakustaldia be egingo baitute Morgako Azokan; hain justu, arrano eta belatzena. Animalia exotikoen erakusketa eta umeentzako jolasak be egongo dira.