Aurreko urteetan legez, maiatzaren 1ean Langileen Eguna ospatuko dute euskal sindikatuek, bakoitzak bere aldetik eta lelo jakin batekin. ELAk, esaterako, Bilboko manifestaziora joateko deia egiten die Busturialdeko eta Lea-Artibaiko herritarrei, eta LABek, ostera, Markina-Xemeinen eta Bermeon egingo dituzten eskualde mailako manifestazioetara gonbidatu ditu herritarrak. Debabarreneko LABek, bestalde, Eibarren egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin die eskualdekoei; eta, tartean, mutrikuarrei.
LABek eskualde guztietara zabalduko du Maiatzaren Leheneko aldarrikapena. Hala, Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria lelopean antolatu ditu manifestazioak Euskal Herri osoan. Lea-Artibaikoa, Markina-Xemeinen egingo dute 12:30ean, Arkupetik hasita. Busturialdekoa, ostera, Bermeon egingo dute 12:30ean Goiko plazatik abiatuta.
Iaz, LABek Lekeition egindako manifestazioa
ELAk, ostera, Bilbon egun horretan egingo duten manifestaziora joateko deia luzatu du. 11:30ean hasiko dute manifestazioa Jesusen Bihotzetik. Eskualdekoek autobusez joateko aukera izango dute; 10:15ean, Gernika-Lumoko autobus geltokitik edo 10:30ean, Durangoko Madalenako autobus geltokitik. Manifestazioa bukatuta, BECera joango dira eguna ospatzera.
«Busturialdean eta Lea Artibain, Euskal Herri osoan bezala, emergentzia egoera larrian bizi gara. Azken bost urteetan, langabezia bikoiztu baino gehiago egin da bi eskualdetan eta aipatzekoa da, azken urtean, Gernika-Lumoko, Bermeoko eta Ondarroako langabezia, erkidego autonomokoa baino altuagoa izatera heldu dela», azaldu du LABek.
Horren arabera, Busturialdean, azken bost urteetan, lanpostuen ia %18 galdu da eta Lea Artibain ia %14a. Horri, gainera, ixtear eta EEEetan dauden enpresak gehitzeaz gain, «emoten ari den lan baldintzen kaxkartze nabarmena» azpimarratu du.
Horregatik, herritarrek Euskal Herria «irauli» egin behar dutela uste du. Hala, euskal langileriaren oraina eta etorkizuna defendatzeko, «indarrak bildu, mobilizatu, altxatu, matxinatu eta bi eskualdeen etorkizuna defendatuko» dute.
«Taldeek erabil lezaketen tresna izan nahi dugu»
Lekeitioko Herri Asanbladak bat egingo du Langileen egunagaz, eta egun horretarako prestatuta dituzten ekimenak azaldu ditu.
Nola sortu zenuten Herri Asanblada, Lekeition?
Aurreko greban sortu genuen. Azkenaurreko grebari erantzun herritar bat emon nahi genion, ahalik eta sektore handiena bilatu. Hala, asanblada bat egin genuen eta 80 bat lagun batu ginen. Greba igarota, balorazio bat egin genuen eta ikusi genuen, murrizketen aurrean, eskubideen defentsa aurrera begirako lana izan behar zela. Orduan hasi ginen kapitalismoaren ondorio hauen kontrako diskurtso orokorragaz. Maiatzaren 1a planteatzen genuen diskurtso horretarako. Lekeition arazo ezberdinak lantzen dituzten talde asko daude, eta denekin elkarlanean zerbait ateratzea egoki ikusten genuen.
Beraz, maiatzaren 1eko ekimenak herriko eragile ezberdinekaz elkarlanean antolatu dituzue.
Herriko eragile eta norbanako ezberdinekin batu ginen eta denon artean zer egin genezakeen komentatu genuen. Gure helburua talde horiek erabili ahalko luketen tresna izatea da. Herrian mugitzen diren taldeek Herri Asanbladan islada izatea nahi dugu.
Zer antolatu duzue egun horretarako?
Goizean, Eskolapen, herriko eragile ezberdinek egiten dituzten geuzen erakusketa jarriko dugu eta talde horiek euren ekimenak egingo dituzte. 11:00etan, ostera, bazkari kolektiboa prestatuko dugu denon artean. 14:00-14:30 inguruan bazkalduko dugu, eta, ostean, musikagaz gozatuko dugu. 17:00etan, hitzaldi bat izango dugu, krisiari aurre egiteko Lekeitiotik zein alternatiba eraiki nahi dugun aztertzeko.
Zer eskainiko du Herri Asanbladak?
Toki bat nun elkarlanean lan egin ahal dugun, bizi dugun egoerari buelta emoteko. Sarritan pentsatu izan dugu sindikatuen ardura dela, baina ikusi dugu herriko sektore zapaldu asko daudela, jende asko dagoela egoera zail bat bizitzen. Horren aurrean, gu izan behar gara protagonistak. Hala, elkarlagunduz, pausoak emon behar ditugu proiektu txikien bidez, protesten bidez. Tresna izan nahi dugu bide horretan, non laguntza jaso ahal duzun, borrokatu ahal duzun, non ikusten duzun galtzaileak ez garela errudunak.
Maiatzaren 1ean, sindikatuez gain, herriak be parte hartu behar al du?
Sindikatuak parte garrantzitsu bat dira; dena den, inportantea da sektore guztiak batzea eta kalera ateratzea. Sindikatuek euren mobilizazioak egingo dituzte, eta herritarrek gehikuntza moduan planteatuko ditugu gureak.
Zer eskatzen diezue herritarrei?
Maiatzaren 1ean kalera ateratzea, beldurrik barik, albokoarekin berba egitea… egoera hau aldatu ahal izateko. Egun horretarako antolatuta dauden ekimenetan parte hartzera animatzen ditugu.