Ur Partzuergoak tarifak eta kontsumo tarteak egokitu ditu
Busturialdeko Ur Partzuergoak baserritarren eta ostalarien ur tarifak eta kontsumo tarteak egokitu ditu. Duela urte bete ezarritako tasak gehiegizkoak zirela onartu du partzuergoak, aldaketak eginez. Hala, gaur egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta, iazko igoeren eraginak apaldu gura dituzte, neurri barriak hartuz. Hortaz, baserritarren eta ostalarien protestei kasu eginez, uraren tarifak bajatzea eta kontsumo tarteak egokitzea erabaki du eskualdeko erakundeak.
Erabiltzaile industrialen kasuan, ostalariak barne, kontsumoen analisi sakonagoa egiten dabiltza partzuergoko teknikariak, baina zenbait neurri hartu dituzte dagoeneko.
Alde batetik, kontsumo tarteak aldatu dituzte, bost tarte jarriz: 0-18, 18-75, 75-200, 200-400 eta 400metro kubikotik gora. Kontsumo handieneko tartean ez dute tarifa murriztuko, baina gainontzekoetan bai.
Nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko 79 bazkideek be, tratamendu berezitua jasoko dute. Erabiltzaileen ur tasak murrizteaz gain, hiru kontsumo tarte barri zehaztu ditu partzuergoak: 0-75, 75-200 eta 200 metro kubikotik gora.
Herritar arrunten tasa finkoak eta kontsumo tarteen tarifak, bestalde, apur bat garestitu dira. Tasa finkoak %10a igoko dira, eta kontsumo tarteen tarifak %3. Tasa finkoaren igoera kontuan hartuta, esaterako, erabiltzaileek 1,09 euro gehiago ordainduko dituzte hiruhileko.