Eguerdian banatu dituzte Bermeoko Udalaren Euskara sailak antolatzen duen bertso paper txapelketako sariak. Aurten, Kristina Bilbaok lehenengo mailan eta Oihane Egañak bigarren mailan egindako bertsoak izan dira txapelketako onenak. Bigarren postuan barriz, Eneko Torrerena eta Xabier Matillarena geratu dira, lehenengo eta bigarren mailan, hurrenez hurren.
Aurtengo parte hartzea iazkoa baino handiago izan da, guztira, 183 gaztek parte hartu baitute bertso paper lehiaketan. Urtero moduan, parte hartzea askoz be handiagoa izan da lehenengo mailan, hau da, 11 eta 14 urte bitarteko gazteak parte hartzen duten mailan; 177 lagunek aurkeztu baitute bertsoa. 15 eta 18 urte bitarteko gazteek osatzen duten bigarren mailan, aldiz, 6 lagunek aurkeztu dituzte bertsoak.
Nestor Basterretxea aretoan egin dute sari banaketa ekitaldia.
1. mailako Kristina Bilbaoren bertso irabazlea.
Ingelesa, frantsesa,
eta gaztelera.
Hainbat hizkuntza daude
azaltzeko zera:
Euskadiko altxorra
da gure euskera,
ez du ardura giputz
edo bizkaiera.
Baina euskara dago
ohean sarturik
ez dugu erabili,
ta dago gaixorik.
Laguna sendatzeko
ez dago modurik
euskaraz egitea
baino errazagorik.
Klasean ikasteko
batua zailena,
gero kalean ez da
ahoskatzen dena.
Horregatik esazu:
“gaur da astelehena”
esan beharrean hau:
“hoy es lunes que pena!”
2. mailako Oihane Egañaren bertso irabazlea
Aurtengo kurtsoari
hasiera emanez
denok arduratuta
gure etorkizunez
Aurten nota oso onak
atera beharra
hasi baino ez gara
ta estututa jada
Badoazkuz egunak
da hasieran legez
jarraitzen dogu denok
ezer ez eginez
Kurtso erdira helduta
notak jaso behar
hemen egoten dira
barre eta negar
Azkenengo esprinan
sartu gara jada
bakoitzaren onena
emateko bada
Irakasleek esan
orain edo inoiz
ala ere ikasle denok
udaren zai gagoz