Astra kulturarako fabrika soziala
Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialeko barran lan egiteko pertsona baten bila dabil arma lantegi izandakoa kudeatzen duen koordinadora. Lanaldi erdiko kontratua izanik, lanpostua eskuratzen duenak astean bost egunetan lan egin beharko du, eta 600 euroko soldata gordina edukiko du, gizarte segurantzagaz. Egin beharreko lanari dagokionez, beharginak barraren gestioa eroan beharko duela; giroa, aktibotasuna eta dinamikotasuna mantendu beharko dituela, bitartekariekin koordinazio lana egin beharko duela eta Astrako dinamiken komunikatzaile eta hedatzaile izan beharko duela zehaztu du koordinadorak.
Bestalde, gizarte edo kultur mugimenduren batean parte hartu izana edo izatea ezinbesteko baldintza da; baita Busturialdekoa izatea eta euskaraz mintzatzea be. Horrez gain, langabezian egotea edo lan baldintza prekarioetan lan egitea baloratuko dute. Astra mugimenduan parte hartu izana eta barra lanetan ibiltzeko gaitasuna izatea be izango dute kontuan.
Interesa edukiz gero,
Astraren webgunean bete beharko da eskaera orria. Kulturarako fabrika sozialean bertan be eska daiteke, eta bertan entregatu.
Aukeraketa prozesuen epeei dagokionez, eskaera orriak entregatzeko azken eguna maiatzaren 5a izango dela zehaztu dute. Maiatzaren 6an egingo dute lehenengo aukeraketa, eta banakako elkarrizketak maiatzaren 7tik 15era arteko tartean egingo dituzte. Maiatzaren 20an erabakiko dute lana nori eman, eta ekainaren 2an hasiko da arduradun hautatu berria beharrean.