Joan den asteburuko Txikiasanblada oso arrakastatsua izan zela eta, Gernika-Lumoko gurasoek bigarren batzarra egingo dute, eguenean. Astran elkartuko dira, eraikineko erabiltzaile gazteenentzat aisialdi parte hartzaile eta solidario bat eratzeko gogotsu. Hala, 17:30etik aurrera, batzarrean parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.
Lehenengo batzarrean 25 guraso inguruk parte hartu zuten, baina hausnarketa prozesuagaz jarraitu gura dute antolatzaileek. Hala, ideia orokorrak finkatuta, gazteei zuzendutako jardueretaz egingo dute berba. “Zer motatako jarduerak antolatu ditzakegun eztabaidatuko dugu” diote.
Txikiasanbladan “gazteenen parte hartzea eta elkarlana” sustatu gura dituzte antolatzaileek. Diotenez, “oso aberasgarria” izango litzateke umeei berba emotea, bizikidetza indartuz. Hala, umeak Astrako filosofiagaz bat egitea onuragarria izan daitekela deritzote. “Astran elkarlana sustatzen duen jende desbardin asko batzen da, eta gazteen heziketan aberasgarria izan daitekela uste dugu” diote antolatzaileek.
Txikienei berba emote aldera, sei urtetik gorako umeekin asanblada bat egitea aurreikusten dute antolatzaileek. Jakinarazi dutenez, “joan den zapatuan asanblada egiten ahalegindu ginen, baina ume gutxi etorri ziren”.