Mendataren ikuspegia
Eraginkortasun energetikoa guztion esku lelopean aurkeztuko du udalak goreneko eraginkortasun energetikoko (passivhaus) etxebizitza tasatuen promozio aintzindaria, datorren eguenean. Jakinarazi duenez, jardunaldia bi zatitan banatuko dute: bat profesionalei zuzenduta egongo da, eta bestea gainontzeko guztiei. Goizez egingo dute lehenengoa, eta arratsaldez bigarrena.
“Aurrezpen energetikoaren eta etxebizitza eskuragarrien alde” eginez, Passivhaus estandar zorrotzetan oinarritutako etxebizitza tasatuen Estatu mailako lehenengo promozioa ari da garatzen Mendatako Udala. Proiektu horrek “kalitateko etxebizitza eskaintzen” duela dio udalak; baita ingurumena zaintzen duela, kontsumo energetiko “oso baxukoa dela, “eta prezio onekoa”. Zehazki, hamabost etxebizitza tasatu eraikitzea aurreikusten du udalak, denak Passivhaus irizpideetan oinarrituta. “Arkitektura jasangarriko alemaniar estandar zorrotz horrek ondo zaindutako eraikuntza ebazpen zehatzak erabiliz energia kontsumo minimoa ziurtatzen du, berogailuaren gastua murriztuz”.
Faseka eingo dituzte etxeak, bost fase bakoitzean. “Promozioa kooperatiba erregimenean burutuko da, eta babestutako etxebizitzen udal ordenantzako baldintzak betetzen dituzten pertsonei zabalik dago”.
11:30etik aurrera gonbidatutako profesionalei eta ordezkari instituzionalei azalduko dizkiete proiektuaren xehetasunak, eta 19:30ean mendatarrei eta Busturialdeko gainontzeko bizilagunei zuzendutako aurkezpena egingo dute. Hitzordu biak Elizoste eraikinean jarri dituzte.