Arkeologo talde bat Zarragoitxiko gaztelua ikertzen ari da. Ikerketa historiko-arkeologikoa egiten ari dira, hain zuzen be. Bertan egiten ari direnaren barri emon gura die herritarrei, eta horretarako hitzaldi bat emongo dute etzi, 20:00etan, Nestor Basterretxea aretoan. Horretan, aipatu ikerketaren proiektuan emongo dituzten pausoen barri emongo du Mikel Neira Zubieta arkeologoak.
76 metroko altuera du Zarragoitxiko mendiak eta bi esparrutan banatuta dago. Beheko esparruan, egun, ortuak daude baina beheko mugan 100 metroko luzera duen harri-horma bat dago, zenbait puntutan, gainera, hiru metroko garaiera hartzen du. Bere ibilbidean defentsarako erabiltzen ziren lau dorre daude. Horiek «oso hondatuta» daudela diote, sasitzagatik eta baita be inguruan eraiki dituzten etxebizitzengatik.
Goiko esparruan, aldiz, pinudi handi bat dago. Mendi tontorra inguratuz harri-hormaren estruktura bat dagoen susmoa dute, baina azaldu dutenez «ezin daiteke bere morfologia zehaztasunez ikusi gunean dagoen landaretzagatik eta sedimentazio prozesuengatik».
Egueneko hitzaldian, Zarragoitxiko aztarnategiari buruzko ezagutza eta ebidentzia dokumentalak eta arkeologikoak erakutsiko dituzte. Bestalde, aztarnategiak egun duen egoeraren barri be emongo die bertaratutakoei, hau da, harresiarena eta dorreena.
Gainera, aurten Zarragoitxiko aztarnategian egiten ari diren lanak azalduko dituzte eta baita be 2014. urtean egitea aurreikusi dutena.