Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak Foru Dekretu Arauemaile barria onetsi du gaur,
apirilaren 11n Bermeoko alde zaharrean gertatu zen sutearen ondorioz kaltetuak izan diren familiei laguntzeko. Horren bitartez, premiazko neurri batzuk onetsi dituzte zenbait zergetan. Halanda be, Batzar Nagusiek berretsi beharko dute orain.
Foru Aldundiak gaurko Gobernu Kontseiluan onetsitako dekretuak ondokoa ezartzen du: salbuespenak Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren (OHZ) eta Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren (IAE) 2013. ekitaldiko kuotetan. Kostu hori Aldundiak hartuko du bere gain. Bi zerga horiek ordainduta dituztenek, itzultzeko eskaera egin dezaketela aipatu dute. Halaber, jarduera ekonomikoak garatzen dituzten eta sutean kaltetuak izan diren PFEZren zergadunek ez dute kasuan kasu dagozkien ordainketa zatikatuak Foru Ogasunean autolikidatzeko eta sartzeko beharrizanik izango. Era berean, moduluen murrizketak emongo dizkiete PFEZen eta BEZn eta zerga-zorrak atzeratuko dizkiete berandutze-interesik barik, 2014ko ekainaren 25era arte.
«Konpromisoak beteta»
Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak gaureskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, «Foru Aldundiak bete egin ditu Bermeoko Alde Zaharrean apirilaren 11n gertatuko sutearen ondorioz kaltetutako pertsonen premiazko beharrizanak lehentasunez asetzeko eta Bermeoko Udalak egindako eskaerei erantzuteko hartu zituen konpromisoak».
Bilbaok jakinarazi duenez, eskaini dituzten 35 foru etxebizitzetatik, 22 ipini dituzte jada etxebizitza eskatu duten familien esku. Joan den astetik, gainera, kaltetutako familia-unitate bakoitzaren jarraipen psikologikoa egiten ari diren hiru profesional dituztela zehaztu du.
Bestalde, sutea gertatutako gunetik atera dituzten 600 tona hondakin batzeko eta tratatzeko lanak amaitu dituztela esan du Bilbaok.
Oraindik be, Bermeoko Udalaren zein kaltetuen beharrizanak eta eskaerak koordinatzen jarraitzen dutela aipatu du Bilbaok.