Nerea Gabantxo
Medusekin burbuilak egitea eta lamiekin jolastea atsegin duen kaxalote baten kondaira azaltzen du Nerea Gabantxok (Bermeo, 1981) Iparzuri ipuinean. Umeei zuzendutako ipuina da Gabantxorena, haren lehenengoa. 36 orrialdek osatzen dute liburua eta Denon artean argitaletxeak argitaratu du. Testua zein ilustrazioak Gabantxok berak egindakoak dira.
Zer kontatzen du Iparzuri ipuinak?
Arrantzaleen bizimodua kontatzen du, baina ume baten ikuspegitik; portuko sirena entzuten dutenetik aita etxera iristen denera arteko tartea. Bitartean, gainera, Iparzuri balearen kondaira azaltzen da. Balea horrek, urpeko izaki handienak eta zaharrenak, ur azpian bizi diren izaki guztiak ezagutzen ditu. Marinelen bizitza be ez litzateke bardina izango haren laguntzarik gabe.
Idatzi duzun lehenengo ipuina al da?
Ez, gehiago idatzi ditut, baina argitaratzen didaten lehenengoa hau da. Espero dut azkana ez izatea.
Poza ematen du argitaratuta ikusteak?
Bai. Oso prozesu luzea izan da. Idatzi nuenetik argitaratu arte urtebete baino gehiago igaro da. Lehiaketetara bidali izan dut, gero argitaletxeetara… Eta ezetz asko jaso ondoren, esku artean izatea ikaragarria da, benetan be, poztekoa. Dendetan ikusteak harritu egiten nau oraindik.
Zein adineko umeei dago zuzenduta?
Bost urtetik gorako umeei zein nagusiei. Denentzat pentsatuta dago.
Balea, itsasoa, portua, arrantzaleak… Zure jaioterriarekin zerikusia duten elementuak dira. Zerikusirik al dauka horrek?
Bai, asko. Txikitako gogoetetatik abiatu nintzen ipuina idazteko. Arrantzaleen mundua desagertzen ari dela diote, eta hori benetan tristea da, batez be, Bermeo bezalako herri batentzako, gure herriaren nortasunaren parte handia baita. Horrexegatik pentsatu nuen ipuina daztea, hain zuzen, garai horietako gauza asko ez ahazteko.
Bai testua eta baita ilustrazioak be zureak dira. Testua idaztea ala marrazkiak egitea izan da errazagoa?
Iparzuri ipuinaren kasuan, testua idaztea errazagoa izan zen, oso argi nuen-eta. Baina ez da beti horrela izaten. Batzuetan testuaren zati batekin trabatu, eta ezin duzu aurrera jarraitu.
Zenbat denbora behar izan duzu dena egiteko?
Ideia burura etorri zitzaidanetik dana amaituta ikusi arte, bizpahiru hilabete.
Argitaratu egingo zutela uste al zenuen?
Hori zen nire ametsetako bat, baina zaila izango zela banekien. Zure lanean sinesten duen argitaletxe bat aurkitzea ez da lan erraza, batez be, zure lehenengo liburua denean. Argitaletxe gehienek ez dituzte arriskuak hartu gura.
Salgai dago jada. Non aurki daiteke?
Liburudendetan; baita Interneten be. Liburuak 10,50 euro balio du, eta Elkarren txartelarekin pixka bat merkeago.
Besteren bat duzu buruan?
Bat ez, bat baino gehiago! Baina sekretuan ditut. Horietako batzuk amaituta ditut, eta argitaletxeetara bialtzen ari naiz. Beste batzuk, barriz, buruan ditut eta beste zenbait be garatzen ari naiz.