Leire Gotxi
Bermeoko Kafe Antzokiak Berriaren 10. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldietako bat hartuko du gaur, 22:00etatik aurrera. Aurkezpen labur baten eta euskarazko egunkari nazionala zer den hobeto ulertzen lagunduko duen bideo emanaldi baten ostean, Leire Gotxi bermeotarraren kontzertua egongo da. Gainera, Anari abeslari eta konpositore azkoitiarragaz partekatuko du Gotxik agertokia.
Txiki-txikitatik dauka Gotxik musikarekiko zaletasuna, eta betidanik gura izan du bide hori jarraitu. Estilo jakin bat eduki barik baina country, pop, soul eta folk-etik pasatuz, pixkanaka-pixkanaka musikaren munduan bere lekua egiten dabil Bermeoko gaztea.
Anari, bestalde, Euskal Herri mailan da ezagun. Akauzazte taldeko beste kide batzuekin batera, Psych Out taldean hasi zuen ibilbidea, bateriajole legez. 1997an, baina, bakarlari lanetan hasi zen, eta arrakasta handia eduki duten bakarkako hiru disko kaleratu ditu, Petti musikari nafarrarekin elkarlanean ateratako laugarren batez gain. «Doinu goibel eta bakartiak, hitz biluziak eta atmosfera ezerosoak» darabiltza bakarlariak, kritika ezinhobeak jasoz.
Sarrera, 10 euro
Gastuei aurre egin asmoz, ekitaldirako sarrerak 10 euro balioko du, baina Berrialagunek eta harpidedunek erdi prezioan eskuratu ahal izango dute. Berriaren webgunean eta Bermeoko Kafe Antzokian bertan eros daitezke sarrerak.