Jokalariak igoera ospatzen
Joan den asteburuan, Gernika Sportingen nagusien taldeak mailaz igotzea lortu zuen. Bertokoek hiru jardunaldiren faltan lortu dute Lurraldeko Lehen Mailara igotzea, baina gehiago gura dute. Igoera lortuta, “liga irabaztea” da taldekideen helburua, Unai Narbarte entrenatzaileak jakinarazi duenez. Haren berbetan, Bigarren Mailako garaikurra irabazi gura dute, baina, horretarako lehen postuan sailkatu behar dira bigarren multzoan.
Igoera lortzeko gakoa jokalariak izan dira. Entrenatzailearen berbetan, “maila handiko futbolariak ditugu, eta lagun multzo ona egin dugu”. Hala, pozarren azaldu da orain arte egindako lanagaz.
Liga lehen postuan amaitzeko bidean, gernikarrek partida garrantzitsua jokatuko dute asteburuan, Bermeo Bren kontra. Gernika Sportingek irabazita eta Busturia bigarren sailkatuak galduta, gernikarrek ziurtatuta izango lukete lehen postua. Domekan jokatuko dute Itxasganen, 17:00etatik aurrera.
Gernikarrek garaipena lortzea, halanda be, ez da erraza izango, Bermeok be asko baitu jokoan. Bermeotarrak hirugarren sailkatuak dira, eta liga postu horretan amaituz gero, igoera play-offa jokatuko lukete.
Busturia asteuruan igo daiteke mailaz
Busturia be, denboraldi edarra egiten dabil, eta mailaz igotzeko aukera izango du asteburuan. Zapatuan Galea laugarren sailkatuari irabaziz gero, Busturiko taldeak matematikoki ziurtatuko luke igoera. Itxas-Adarren jokatuko dute norgehiagoka erabakiorra, 18:00etatik aurrera.