Busturialdeko ikasleek Dantzari Egunean parte hartuko dute domekan, Gernika-Lumon
Eskolarteko Dantzari Eguna ospatuko dute domekan, Busturialdeko eskoletako ikasleek, Gernika-Lumon. Inoiz baino dantzari gehiago bilduko dira, horretarako, Urbieta kiroldegian; hain zuzen, 3 eta 15 urte bitarteko 1.400 neska-mutil.
Horiek guztiak Pasealekuan elkartuko dira 11:00etan, eta bertatik abiatuko dira kalejiran Urbietaraino. Behin bertan, dantza ekitaldiari hasiera emongo diote, 12:00ak inguruan. Eguraldi txarra eginez gero, Urbietan barik, Merkatu Plazan ospatuko dute eguna.
Ikasleek hainbat dantza eskainiko dituzte: Dantzari dantza (agintariena, banango, ezpata joko txikia, txotxongilo), Makil jokoa I, makil jokoa II, txulalai, zapatain dantza, San Petrike, Gipuzkoako makil txiki, euzko dantza, arku-dantza eta zinta dantza, besteak beste. Hurrengo urtera arte agurtzeko, bestalde, Benafarroako martxa egingo dute.
Eguna alaitzeko, gainera, herriko musikariak izango dira dantzariekien batera: Errenteriako Gazteak Txistulari taldea eta Segundo Olaeta musika eskolako taldeak, hain zuzen.
Gernika-Lumoko irakaskuntza zentroetan ikasturte osoan landutakoaren ondorioa da, udaleko Hezkuntza Arloak eta Euskara Zerbitzuak urtero antolatzen duen ekitaldi hori.