Bermeoko arrantzale bat hil da lanean zebilela
Joan den martitzenean Bermeoko arrantzale bat hil zen itsasoan, Atlantikoko uretan lanean ari zela. Txirriñe ontzian atunaren arrantzan zebilela jakinarazi dute sindikatuek. Bihar, elkarretaratzea egingo dute senideari elkartasuna adierazteko batetik, eta lan-istripuak salatzeko, bestetik. Gehiengo sindikalak deitu du elkarretaratzea.
53 urte zituen Fernando Garaia arrantzaleak. Joan den martitzenean hilda aurkitu zuten Txirriñe atunontziko bere gelan, «bihotzekoak emonda», azaldu dute sindikatuek. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, «aurten 12 dira lan istripuen eraginez hil diren langileak», eta ezbehar-kopuruak onera ez doazela aipatu du.
Atlantikoko uretan atunaren arrantzan lanean zebilela martitzenean zendu zen arrantzalearen familiari elkartasuna adieraziko diote sindikatuek biharko elkarretaratzean.