Iazko Bizikleta Eguna
Bermeo Txirrindularitza Taldeak eta Udalaren Kirol Patronatuak II. Bizikleta Eguna antolatu dute domekarako. Antolatzaileek adierazi legez, herritar guztiei zuzendutako kirol jarduera bat da domekakoa.
Iaz 200 parte hartzaile inguru izan ziren Bizikleta Egunean, hortaz, aurten be antolatzea erabaki dute. Iazko moduan, Bermeoko Atalde kaleko bidegorrian egingo dituzte zirkuitu desberdinak; adinaren arabera, luzeagoa edo laburragoa izango direlarik, hain zuzen be.
Bildutakoa sutean kaltetuentzako izango da
Bizikleta Egunaren helburua ez da lehian ibiltzea, «baizik eta umeek bizikletan ibiltzea zer den jakitea». Parte hartzeko, bestalde, ezinbestekoa izango da kaskoa eroatea eta bakoitzak bere bizikleta eroan beharko du.
Domekako Bizikleta Egunean parte hartzeko, ikasleek beraien ikastetxeetan emon beharko dute izena. Gainontzekoek, barriz, Areneko Kiroldegian egin beharko dute; izan be, antolatzaileek jakinarazi legez, lasterketaren egun berean ezin izango da izena emon.
Umeek eta txikiek euro bana ordaindu beharko dute parte hartzeagatik eta gazteek eta nagusiek, aldiz bi euro.
Domekako lasterketan biltzen duten dirua apirilaren 11n Bermeoko Alde Zaharrean gertatu zen sutean kaltetuak izan direnen horientzako izango dela iragarri dute.
Ordutegiak
Atalde Kaleko bidegorrian dute kategoria guztietakoek irteera puntua. Eguraldia dela-eta, ordu aldaketak egon daitezke, hortaz, 30 minutu arinago bertan egotea eskatzen dute.
- D.B.H. 1-2-3. 10:30ean, 4.000 metro.
- L.H. 5-6. 11:00etan.
- L.H. 3-4. 11:30ean.
- L.H. 2. 12:00etan.
- L.H. 1. 12:15ean.
- Nagusiak. 12:30ean, 6.400 metro.