Gaur, apirilaren 17a, nazioarteko nekazal borroken eguna da, eta EHNE Bizkaia sindikatuak data berezia gogoratu du Gernika-Lumon. Hain zuzen, inguruko nekazari gazteekin batera gogoratu ditu sindikatuak lurra defendatzeagatik bizia emon duten nekazariak. Paul Nicholsone EHNE Bizkaiako kideak, Fred Latour Tierre de Liens (Frantzia) mugimenduko kideak, eta Pablo Gonzalez SOC-SAT sindikatuko kideak parte hartu dute ekitaldian.
Ekitaldian parte hartu duten hiru lagunek, nekazal borroken garrantzia azpimarratu dute, nekazarien eskubideak berma daitezen. Nicholsonek nabarmendu duenez, apirilaren 17a “borroka eguna” da nekazarienzat. Hala, mundu osoan zehar milaka ekitaldi egin direla dio. Jakinarazi duenez, elikadura burujabetzaren aldeko taldeak indarra hartzen jarraitzen dute, eta etorkizunean be oso garrantzitsua izango da indar metaketa. Gaur egun, Via Campesinak mundu guztiko 250.000 pertsona eta 200 talde inguru batzen ditu.
Gonzalezek azaldu duenez, SOC-SAT sindikatuak 30 urte inguru daramatza nakazal erreforma bat aldarrikatzen, eta aurrerantzean be, borrokan jarraituko dute. Duela lau egun, esaterako, Malagako lurralde zati bat okupatu zuen Andaluziako (Espainia) nekazariek. Nabarmendu duenez, “gure borrokatzeko modua da lurrak okupatzea, eta ez gara geldituko nekazariek lurra bererskuratu arte”. Hala, etorkizunean be lur sailak okupatzen jarraituko dute. “Lurra eta elikadura burujabetza defendatzearren bizia emon dute nekazariei zor diegu” esan du.
Via Campesina duela 20 urte jaio zen elikadura burujabetza defendatze aldera. Hala, aurtengoa urteurren berezia da nazioarteko mugimenduko kideentzat. Sistema kapitalistari eta multinazional handie aurre egitea zaila izan arre, Via Campesinako kideak erronka barriei aurre egiteko gogotsu daude. Hala, esperantzaz begiratzen diote etorkizunari, pentsaera aldaketa bat emoten dabilela baiteritzote.
Apirilaren 17a borroka eguna
Nekazal borroken eguna apirilaren 17an gogoratzen dute Via Campesinako taldeek, 1996ko egun horretan hemeretzi nekazari erail baitzituen Brasilgo poliziak. Nicholsonek jakinarazi duenez, protesta martxa bat egiten zeudela erail zituzten nekazariak. EHNEko kideak Brasilera bidaiatu zuen bi egun geroago, eta gertatutakoaren barri izan zuen lehen eskutik. Dioenez, hospitalean egon zen zaurituekin, eta, bertan zegoela poliziak zauritutako nekazari bat erail zuen.