EAJk herritarrei bidalitako gutun batek iskanbila sortu du Errigoitin
Errigoitiko EAJren eta Bilduren arteko harremanak gori-gorian daude barriro be. Oraingoan, herriko EAJk etxebizitza guztietara bidalitako gutun batek sortu du iskanbila. Gutun horretan, Bilduren jarrera salatzen du EAJk, koalizioak elkarlanerako jarrerarik ez duela argudiatuta. Maria Begoña Uribarri Bilduko zinegotziak azaldu duenez, baina, jeltzaleen “salaketek ez dute oinarririk”.
EAJk gutun bidez herritarrei jakinarazi dienez, Errigoitik lasaitasunaren eta elkarlanaren beharra dauka, baina “Bilduko ordezkarien jarrerak” elkar ulertzea ekiditen du. Jeltzaleen berbetan, “Bilduk demagogia eta gezurra erabiltzen ditu, udalaren lana hankaz gora botatzeko”. Hala, koalizioak herriaren ongizatea alde batera utzi duela kritikatu du EAJk.
Uribarri, halanda be, ez dator bat gutunean azaldutakoagaz. Dioenez, “egia da herriak lasaitasunaren eta elkarlanaren beharra duela, baina zein preziotan?”. Bilduk udal kudeaketan parte hartzeko aukerarik ez duela dio, eta, horrenbestez, “elkarlanean aritzea ezinezkoa” dela. Bilduko udal zinegotziak ohartarazi duenez, “ez diegu txeke zuri bat emongo gura dutena egiteko”.
Uribarriren berbetan, EAJk elkarlanerako deia egin du, baina ez dabil zintzo jokatzen. “Udal batzarretan ahoa irekitzen dugun bakoitzeak kanporatuko gaituela egiten du mehatxu alkateak. Bildu eta SOS Errigoiti oposizioan daudela, eta horien beharrik ez duela esaten du alkateak, behin eta berriz”. Hala, Errigoitiko EAJrentzat elkarlana zer den galdegin du Uribarrik.
Bilduko zinegotziak salatu duenez, udala hankamotz egon da lehen momentutik. Izan be, azken hauteskundetan oposizioko bi alderdiek boto kopuru handiagoa jaso arren, EAJk ez ditu kontuan hartu horien eskaerak. “Handikeriaz jokatzen du, eta faltsukerietan oinarritzen da gura duena egiteko” salatu dute Bildukoek.