Monumentuen ta Toki Hsitorikoen Nazioarteko Egunaren harira, Bilboko Arkeologi Museoak eta Santimamiñeko Kobek ekimen bateratu bat antolatu dute: Bilbotik Kortezubira arteko ibilbidea. Ekimenaren helburua ondare kulturalaren aniztasuna azpimarratu eta hori zaintzeko egin beharreko esfortzua erakustea eta ezagutzera ematea da.
Ibilbidea 10:00etan hasiko da, Arkeologi Museotik. Baskonia, bitarteko lurraldea erakusketa ikusi eta gero, 11:15ean, San Nicolas plazatik Kortezubirantz abiatuko dira parte hartzaileak.
Lehenengo bisita hori Iñaki Garcia Camino historian doktoreak eta Arkeologi Museoko zuzendariak gidatuko dute.
Eguneko egitaraua
12:00etan Santimamiñeko Koben erreplika birtuala bisitatuko dute eta 13:15ean Santimamiñeko santutegiko margoen gaineko aurkezpen komentatua eskainiko da. Horretan, duela 14.500 urte Kantauri isurialdean nagusi zen kultura testuingurua izango da hizpide. Hitzaldia Diego Garate Arkeologi Museoko teknikariak eskainiko du.14:00etan Bilbora bueltatuko dira txangolariak.
Antolatzaileen esanetan, pare hartzaileek espazioan zehar bidaia bat egingo dute. «Bilbotik Kortezubirako bidea eginez, Erdi Arotik Harri Arora bidaiatuko dute herritarrek».
Ibilbidearne prezioa 8 euro da. Prezioaren barruan sartzen dira autobusez egin beharreko joan-etorriak, Arkeologi Museoko eta Santimamiñeko sarrerak.
Izena emateko epea joan den barikuan amaitu zen.
Datua
4,09
Aldundiak Bizkaiko museoen jarduna bultzatzeko daukan aurrekontua. Besteak beste, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa eta Santimamiñek-Omako multzoa baliatuko dira aurrekontuaz. Zehatz esateko, 4.097.000 euroko aurrekontua dauka Aldundiak museoen jarduna bultzatzeko eta ekimenak bideratzeko.