Aurkezpen ekitaldiak egingo ditu Sortuk barikuan eta zapatuan
Sortzaile prozesua amaituta eta Sortu jaiota, ezker abertzaleak alderdi berria jendaurrean aurkeztuko du barikuan eta zapatuan. Bermeoko Sorturen aurkezpena izango da barikukoa, eta eskualde mailakoa, aldiz, zapatukoa. Azken hori Ajangizko Lurraska baserri eskolan egingo dute.
Bermeoko Sortuk azaldu duenez, 30 lagun inguruk parte hartu dute Sortzaile prozesuko eztabaidetan, eta ponentziak «beste hainbatengana» zabaldu dituzte. «Gaur egun eztabaida hauek egitea gatxa dela jakinik, pozik geratu gara Bermeon egindako lanarekin», esan dute sortzaileek.
Lanean hasita daudela eta ardurak banatu dituztela azaldu du Bermeoko Sortuk, baina herritar denei deialdia egin die, «ateak zabalik» dauzkala gogora ekarriz. Bide horretan, iritziak trukatzeko baliatuko dute barikukoaurkezpena. 19:00etan ipini dute hitzordua, Baztarren.
Batzarra eta bazkaria
Busturialde mailako aurkezpena, beste alde batetik, zapatuan egingo du Sortuk, Ajangizko Lurraska baserri eskolan. Eskualdeko militanteak, zinegotziak, zinegotzi ohiak… elkartuko ditu alderdi jaio berriak bertan, eta batzar bat egin ostean, mahaiaren bueltan batuko dira. 14:30ean izango da bazkaria eta 15 euro inguru balioko du.
Joan gura izanez gero, sortzailegernika@gmail.com helbidera idatzi beharko da, edota 635-721 314 telefono zenbakira deitu. Bihar da izena emateko azken eguna.