60 puntu dauzka Gernikak
Gernika Futbol Taldea play-off postuetan sartu da barriro be, joan den asteburuan Lagun Onaki 0-1 irabazita. Gernikarrek zenbait jardunaldi zeramatzaten lehen lau sailkatuetatik kanpo, baina asteburuko garaipenagaz Hirugarren Mailako talde sendoenen artean daude bertokoak. Aimar Cid gernikarrak sartu zuen garaipenaren gola.
Gernika laugarren sailkatua da 60 puntugaz, baina Leioa bosgarren sailkatuagaz bardinduta. Zalla seigarren sailkatua, gainera, puntu bakarrera du bertoko taldeak. Hala, gernikarrek ez dute erlaxatzeko denborarik izango azken jardunaldietan. Hain zuzen, bost jardunaldi falta dira liga amaitzeko.
Portugalete hirugarren sailkatuak 63 puntu ditu, Laudio bigarren sailkatuak 66 eta Arenas liderrak 68.
Bermeo zazpigarren
Bermeo Futbol Taldeak primeran hasi zuen liga, baina denboraldia luzeegia egiten dabil kostaldekoentzat. Asteburuan Cultural Durangoren kontra 0-0 bardindu ostean, bermeotarrek 50 puntu dituzte sailkapenean. Hala, ezusteko handirik egon ezean, zaila izango da bertokoak play-offetan sartzea. Hamabost puntu daude jokoan liga amaiera arte, eta Gernika laugarren sailkatua hamar puntura du Bermeok.