Ekintzaz beterik dator Arteskola, 50. urteurrenean
Datorren martitzenean 50. urteurrena ospatuko du Gernika-Lumoko Arteskolak, eta urtemuga horretarako egitarau berezia prestatu du. Egunean bertako ekitaldiez gain, aurrerago be izango du zer eskaini Arteskolak.
Hildako ikasleen omenezko mezagaz hasiko dituzte apirilaren 16ko ekintzak, 11:30ean, Andra Mari elizan. 13:00etan, ostera, trikipoteoa egingo dute eta 14:30ean, anaiarteko bazkaria. Eguerdian baita, Arteskolako irakasle Luis Iriondok eta lehen ikasleek Arteskolako historia eta pasadizoak hitzaldia emango dute, Elai Alai aretoan.
Gernika-Lumoko Udalak azaldu duenez, ekitaldiek gogora ekarriko dute margolaritzako eta marrazketa artistikoko eskolak egin duen mende erdiko ibilbidea. Azpimarratzekoa da epe horretan, bostehun ikasle baino gehiago izan dituela aipatu eskolak.
Erakusketa bi, ikusgai
50 urte ez dira egunero betetzen; hori dela eta, egun bakarreko ospakizunean utzi barik, hurrengo hileetara be ospatzen jarraituko dute, eta, horretarako, erakusketa bi antolatu dituzte. Ekainean izango da lehena eta Arteskolako ikasleen ikasturte-bukaerako lanak bilduko ditu. Abuztuan eta irailean izango da ikusgai bigarrena, Gernikarte 2013 – Arteskolaren 50. urteurrena izenburu pean. Horrek azken urteetan arte tailerrean sortu dituzten lanen errepasoa egingo du eta, horrez gain, hainbat artista gernikarren disziplina anitzeko lanak bilduko ditu.